Getxoko Gobernu Taldeak gaur onartu du ibilgailuak garabiaz kaleetatik erretiratzeko zerbitzua enpresa berri bati emateko lehiaketa zabaltzea. Kontratuak lau urteko iraupena izango du eta aurrekontua urteko 170.000 eurokoa izango da (aurreko enpresarekin 244.000 urtekoa izan zen). Halere, baldintza-pleguan jasotzen denez, orain arte garabi zerbitzua ematen zuten 6 langileak (4 behin-betiko langile eta 2 behin-behinekoak) hartu beharko ditu enpresa berriak. Hain zuzen ere, hori zen oposizioko alderdiek eskatzen zuten baldintzetako bat. Getxoko PSE-EEk biharko osoko bilkurarako aurkeztu zuen auzi horren gaineko mozioa, tokiko arduradunei garabi zerbitzua "modu kaskarrean kudeatzea" egotziz. Dirudienez, udal batzarra egin baino egun bat lehenago erabakita utzi nahi izan dute gaia agintari jelkideek. Duela hiru urtetik zerbitzua zeraman enpresari maiatzean amaitu zitzaion kontratua. Hala ere, abuztuaren 21era arte arduratu zen garabiaz. Kontratua ez luzatzeko, enpresak eta Udalak hartutako erabakiak, kalean utzi zituen sei langileak. Ordutik, hainbat elkarretaratze egin dituzte udaletxe aurrean. ELAk salatu zuenez, Leioako garabia dabil orain Getxo udalerriko kaleetatik kotxeak eramaten. Argazkian, garabi bat autoa eramaten Leioan.