Getxoko Udala ekaina amaieran hasi zen Areetako kaia konpontzen, Espainiako Gobernuak proiektu horretarako emandako 300.000 euroko laguntza baliatuz. Hainbat zatitan zentimetro batzuk gorago jarri dute zoladura eta horrek "segurtasun eza" eragin du bertatik paseatzen ibiltzen diren herritarrengan, udal agintariek aipatu dutenez. Izan ere, lekuaren arabera, 55 eta 68 zentimetro garaiera daukan hormak baino ez du banatzen pasealekua eta itsasoa. Hain zuzen ere, "herritar batzuen iradokizunak" jaso dituztelako hartu dute aipatu horma 80 zentimetrotaraino altxatzeko erabakia, Imanol Landa alkateak azaldu duenez. Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak orain hilabete inguru eman zuen "herritarren ezinegonaren" berri. Baina, horma altxatu beharrean, metalezko baranda jartzea proposatu zuen berak. Horrela jaso zuten popularrek bihar udal batzarrerako aurkeztu duten mozioan. Argazkian, Areetako kaia Arriluzetik ikusita / cc-by-nc-sa Mikel Agirregabiria.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!