Bizkaia Bilbao Basket taldeak lurralde historikoan abonatuak lortzeko martxan jarri duen autobus ibiltaria Leioara eta Erandiora iritsiko da bihar, asteazkena, eta etzi, hurrenez hurren. Taldeak bere webgune erdaldunean iragarri duenez, "Orain... basket" kanpainaren barneko Leioako hitzordua Sabino Arana etorbideko 77. zenbakian izango da, Sakoneta polikiroldegiko autobus geralekuan. Leioaztarrek 2009-2010 denboraldiko partidentzako bonoa eskuratu ahal izango dute bertan. Horretarako, goizeko 11etatik arratsaldeko 3ak arte eta 5etatik 9etara izango dituzte saskibaloi taldeko kideak haien zain. Erandiotik, berriz, ostegunean igaroko dira, taldeko ibilgailua udaletxearen aurrean paratuko dutela, eguerdiko 1etatik gaueko 9ak arte. Oraindik datarik aurreratu ez badute ere, Getxo eta Sopela udalerrietara zein Leioa eta Erandioko campusera ere autobusa bidaliko dutela aurreratu du klubak. Bonoak 80 eta 504 euro artekoak izan daitezke, EHUko ikasleei edo akziodunei egindako eskaintzak merkeenak direla. Argazkian, Erandioko Bilbao Basketen zaleen elkartea.