AAMren hitzetan, "kasu honetan oso susmagarria da ekintzak burutzeko erabili duten informazioa (helburuak zehazteko, adibidez); ekintzak burutzerakoan eta hemendik hara ibiltzeko izan duten askatasuna; eta ekintzen inguruan ikerketa polizialaren emaitzak ez izana". Beregain hartutako 25 ekintzen artean, Zigor eta Arkaitz Goikoetxearen aita-amen Azkorriko (Getxo) baserriaren kontrako erasoa ere eurek egina dela dio Falange y Tradicionek. “Zigor hiltzaile”, “Hilda zaude”, “Gora Espainia terrorista” eta “Hil zaitezte” leloak espainolez pintatu eta atariko oin-zatarra eta sasi batzuk gasolinaz erre zituzten ezezagunek, uztailaren 17an. “Independentismoaren eta komunismoaren aurka” aritu direla diote agirian faxistek. Besteren artean, "Las Falanges Vascongadas de Falange y Tradicion dan la bienvenida al nuevo Gobierno Regional Vascongado del señor Lopez" (sic) irakur zitekeen oharrean.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:
Atzoko komunikatuaren berri izan ondoren euskal instituzio zein alderdi politikoen mantendu duten isiltasuna salatu nahi dugu. Isiltasun jarrera hau orokorra izan da azken garaietan kontroletik at dauden elementuen ekintzen aurrean eta guda zikinaren ekintzen aurrean. Honek inpunitatea sortzen du. Eta inpunitate hau agerikoa da. 25 ekintza burutu eta aldarrikatu dituzte, eta orain arte ez dute inork identifikatu, eta inork ez da atxilotua izan. Zer gertatuko zen norbaitek ETAren biktimen aurkako pintaketa bat egingo bazuen hilerri batean? Zer gertatuko zen edo nork zinegotzi espainolista bat mehatxatuko bazuen herriko etxea pintaketekin josiz? Hurrengo egunean komunikabide guztiek ekintza horren inguruko informazioa emango zuten, alderdi politiko zein instituzioek gaitzespenak botako zituzten, eta laster batean ustezko egileak atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta espetxeratuko zituzten. Zergatik eta nola faxista hauen inpunitate hau Europan militarizatuena dagoen herrian?
Ezin dugu ahaztu Euskal Herrian indar polizial eta eskuindarren mugimenduen artean historikoki izan diren loturak, eta kasu honetan oso susmagarria da ekintzak burutzeko erabili duten informazioa (helburuak zehazteko, adibidez); ekintzak burutzerakoan eta hemendik hara ibiltzeko izan duten askatasuna; eta ekintzen inguruan ikerketa polizialaren emaitzak ez izana.
Guzti honek adierazten du indar polizial eta botere politikoen aldetik ez dagoela ekintza hauek eta beraien egileak nor diren argitzeko inolako asmorik.