Espainiako Auzitegi Nazionalak 33/01 sumarioan zigortutako 21 herritarrak absolbitzea eskatu diote Auzitegi Gorenari, gaur egindako bistan, horien guztien abokatuek, albiste agentziek zabaldu dutenez. Horretaz gain, Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren legezkotasuna aitortzeko eskaria egin diote Juan Saavedra Goreneko Zigor Salako presidenteak eta Manuel Maza, Joaquin Gimenez, Miguel Colmenero eta Francisco Monterde epaileek osatutako tribunalari. Letradunen arabera, "Auzitegi Nazionalak -aipatu erakundeei- egozten dizkien zereginen artean, bakar batean ere ezin da frogatu indarkeriazko ekintzekin edo ETArekiko zuzeneko lotura dagoenik". Gainera, "frogatutzat ematen diren gertaerei begiratuta, neurrigabeak dira ezarritako zigorrak". Fiskalak, ordea, hori ukatu eta guztientzako zigor eskaerak mantendu ditu, "egozten zaizkien karguei eusteko froga nahikoak" daudelakoan. Epaitutako lagunen artean, Jagoba Terrones berangoztarrari 8 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Argazkian, AAMren kontrako epaia salatzeko Berangon egindako manifestazioa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!