Honen atzean, Espainiako estatuak "errealitate bakarra inposatzeko egitasmoa" dago, 33/01 sumarioko auziperatuen arabera. "Bortxa eta indarra erabiliz, Espainia batua eta bakarra da inposatzen duena eta Euskal Herriarekin zerikusia duen adierazpen oro ezabatu eta adierazle oro atxilotu eta espetxeratzen dihardu", adierazi zuten.
Estatu erabakia
Era berean, errepresio jarduera horren "bermatzaile" bilakatzea egotzi diete "milaka herritarren adierazpen eta bozka eskubidea zapuztuz eta herri borondateari bizkar emanez" osaturiko Gasteiz eta Nafarroako gobernu autonomiko eta foralari. Euren ustez, "honek agerian uzten du demokrazia batek behar lukeen zuzenbidezko estatua beharrean, Euskal Herrian Espainiako gobernuak ezartzen duen salbuespen egoera, estatu polizial bati dagokiona dela. Eskubide zibil eta politikoen ezarpena, tribunal berezi batek fiskalizatua dela era berean".
Auziperatuek lehenago adierazitakoa berretsi zuten atzoko agerraldian. Izan ere, kondenatuak izango zirela ohartarazi zuten, hain zuzen ere, "tribunal inpartzial batek baino, tribunal berezi batek" epaituko zituelako: "Estatu erabaki bat idatzirik baitzegoen lehendik eta honako tribunala, Estatuak Euskal Herrian burura daramatzan errepresio politika guztien partaide bermatzailea delako", azaldu zutenez. Epaitutako lagunen hitzetan, “etsaiaren eskubide penala” da tribunal horrek aplikatzen duena: "Hau da, nire etsaia bazara, eta egiten duzuna gustuko ez badut, kondenatu egingo zaitut".
Beraien ustez, "ebazpena, errepresio estrategia legez kanporatzailean aurrera egiteko, errepresioaren salaketa ezabatzeko eta errepresaliatuekiko elkartasuna deuseztatzeko euskarri gisa baliatuko dute". Helburua hauxe litzateke: "Errepresioak Euskal Herrian zigorgabetasun osoa izan dezan ziurtatzeko eta Estatuaren jarduera eta izaera bortxatzailea ezkutatzea".
"Aurpegia ematen jarraituko dugu"
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak argi du honen atzean "Estatuaren ezintasuna" aurkitzen dela. Izan ere, "ez baitu Euskal Herriaren hitza eta erabakia barne hartzen duen proiektu politikorik". "Beldurra baitio herritarren hitza eta erabakiari, beldurra die hautestontziei eta honen aurrean baliatzen duen errezeta indarrarena da. Indarrez inposatzen jarraitzea, bide demokratikoak ukatuz eta bide polizial eta errepresiboak inposatuz", gaineratu zutenez.
“Aurpegia txikitzen badigute ere, aurpegia ematen jarraituko dugu”, adierazi zuten irmo eta ozen. Izan ere, "Amnistiaren Aldeko Mugimendua Euskal Herrian errotua den mugimendua" baita eta ez “estratosferan” dagoen zerbait, AAMko auziperatuen hitzetan. “Errepresaliatuak ez ditugu inoiz bakarrik utziko, errepresaliatu bat bera ere ez da izango bidea bakarrik egingo duena, eta errepresioaren aurrean salaketa eta elkartasuna jorratzen jarraituko dugu", ohartarazi zutenez.
Errezeta "zaharrak" dira egun ere Estatuak baliatzen dituenak, 33/01ko sumarioko auziperatuen arabera. Aldiz, "bide demokratikoa da Euskal Herriak behar duena" eta horrek auziperatuen ustez "Amnistia" dakar, euren iritziz. "Preso eta iheslari politikoen itzuleraz gain, errepresio politikak ezartzeko baliabideen desegitea; tribunal bereziak, salbuespeneko legeak, etab. Bai eta errepresioa ezartzeko indar armatuen alde egitea ere", bide horren alde lan egiten jarraituko du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.