Getxoko Udalak bertan behera utzi du, "behin betiko", La Terraza izeneko proiektua, tokiko PPk "Ereagako bunkerra" ezizena jarri diona. Udal iturriek zehaztu dutenez, "beste proposamen berri baten alde egingo dugu, adostasun gehiago izango duena eta, edozein kasutan ere, Udal Turismo arloak eta bertoko hondartzako zerbitzuek dituzten beharrei erantzuna emango diena". Proiektuari uko egiteak, eraikinaren eraispena aurrera ez eramateaz gain, aldez aurretik adostutako kontratu tekniko guztiak bertan behera geratzea suposatuko du, udal arduradunen arabera. Hori dela eta, Algortako Ereaga hondartzan erabilera anitzeko eraikina egiteko lehiaketa irabazi zuen proiektua ez da aurrera eramango. Udalak La Terraza kafetegia bota eta azpiegitura berria eraiki nahi zuen horren lekuan, turismo bulegoa ez ezik, taberna-jatetxea eta ondoan dauden sorosle eta hondartzainentzako tokiak ere jartzeko. Hala ere, Getxoko PPk aurkako egin zion egitasmoari; baita, aurreko datuen arabera, sinadura aurkeztu zuten 1.071 auzotarrek. Herenegungo udal batzarrerako ere proiektua geldiaraztea eskatzeko mozioa aurkeztua zeukaten tokiko popularrek. Hala ere, hori eztabaidatu baino lehen eman zuen hartutako erabakiaren berri Getxoko Udalak. Argazkian, Ereagako La Terraza kafetegia.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!