Getxoko Udaltzaingoak dispositibo berezia prestatu du, istiluak eta adingabekoei alkohola saltzea saihesteko, Areetan arratsaldean hasiko diren
Mesedeetako Amaren jaietan. Udalak 3.000 eurora arte irits daitezkeen isunak ezarriko dizkie droga-mendekotasunaren arloko prebentzioari buruzko legea urratzen dutenei, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Isun horiek are handiagoak izango dira arau-hausteak berriro egiten dituzten pertsona eta establezimenduentzat. Horrela, azkeneko kasu horretan adingabekoei alkohola saltzen dien saltokia aldi baterako itxi ere egin dezakete, udal arduradunek zehaztu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren aipatutako legean xedatutakoa aplikatzen duen ordenantzak xedatzen duen bezalaxe. “Iaz eta beste jai batzuetan bezala, legez kanpo alkohola salduz gure adinez txiki direnen osasunarekin jolastu dutenekin oso zorrotzak izango gara. Edozein kasutan ere, 2008an komertzioek orokorrean ondo jokatu zuten eta aurten ere horrela izatea espero dugu”, azpimarratu du Kepa Miñambres zinegotziak. Udaltzaingoak prestatutako operatibo bereziak jai-esparruan eta aldameneko eremuetan polizia patruilak ibiltzea aurreikusten du. Ertzaintzak ere parte hartuko du, baita Babes Zibileko, Gurutze Gorriko eta DYAko taldeek ere. Argazkian, udaltzain bat patruilatzen.