Saioa Otxoa de Alda Gizarte Ekintza zinegotziak azaldutakoaren arabera, ginkana baten modukoa da biharko Osasun Jaia. Ekimenean laguntzen duten Erandioko 16 elkarteetatik bakoitzak jardueraren bat prestatuko du ume zein gazteentzat, eta horietako bat egiten dutenean pegatina bat jasoko dute neska-mutilek, zeinean umeen eskubideetako bat (berdintasuna, elkartasuna, partaidetza, bakea...) adierazita egongo den. Album batean horien guztiak batuta, opari bat jasoko dute txikiek. Horretaz gain, bizikleta bat zozketatuko da euren artean. Aipatu jarduerekin batera, gaztelu puzgarriak, globo aerostatikoa, euskal dantza agerraldia, Erandioko Udal Musika Bandaren emanaldia eta pailazoen ikuskizuna izango dira. Indarrak hartzeko berriz, freskagarriak eta txorizoa sagardotan doan hartzeko etxolatxoa ere egongo da, neska-mutilen zein horien gurasoen gozamenerako.
Autobusak
Altzagatik Akarlandara heltzeko, 9:00etatik aurrera egongo dira autobusak. Horrenbestez, orduro izango da Unberako bidaia, 12:00ak arte, metro geltokitik abiatuta. Bueltatzeko, berriz, Akarlandako Gurutze Gorriko postuan hartu ahal izango da autobusa, orduro, 13:00etatik 16:00etara. Astrabuduan (Mezo kaleko autobus geralekuan) eta Erandio Landako Andra Mari elizan ere hartuko dituzte bidaiariak. Ohiko herri barruko autobusaz gain, unitate berezi bat doan ibiliko da.