Bitxilore aisialdi elkarteak antolatuta, larunbat eta igande honetan Erdi Aroko Azoka jarriko dute, Altzagako oinezkoentzako kaleetan eta Irailaren 23a plazan. Santi Neira Kultur zinegotziak zehaztuta duenez, ez da Erandion horrelako jarduerarik antolatzen duten lehenengo aldia; bai, ordea, Bitxilorek antolatzen duena. Dagoeneko 50 artisauk baieztatu dute bertan izango direla, eta baliteke azken orduan gehiago etortzea, tokiko iturrien arabera. Hartara, hainbat produktu dastatu eta erosi ahalko dituzte bisitariek: larruzkoak, argizarizkoak, zurezkoak, urrezkoak, jostailuak, oinetakoak, sendabelarrak, txerrikiak, gazta, gozokiak... Horrekin batera, kalejira, malabarista, performance eta gaueko su ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da, Madrilgo Losinfuste taldearen eskutik. Ordutegiari dagokionez, 10:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara egongo da zabalik. Argazkian, su ikuskizunak ere izango dira gauez.