Joan den astelehenean egindako agerraldiaren bitartez adierazi zion babesa hautagaitzari Imanol Landa alkateak. Hain zuzen ere, 3.000 euroko diru-laguntza eman du Getxoko Udalak Workshop edo nazioarteko batzar hori egin ahal izateko. Bertan, Estatu Batuak, Italia, Suitza, Espainia eta Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako 25 ikertzaile parte hartzen ari dira. Haiek erabakiko dute Gorrondatxe edo Agost (Murtzia, Espainia) estratotipo izendatzea. Landak, prentsaurrekoan esan zuenez, “atsegin handia da baieztatzea Getxoko kostaldea, eta konkretuki Gorrondatxe hondartza, ez dela inguru ederra soillik, non apo lasterkaria bizi den. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek urtetan egindako lanari esker, agerian geratu da bere garrantzi historikoa eta geologikoa". Alkatearen hitzetan, "gai horiek ikasi aldera, nazioarteko mapan jartzen gaitu horrek, orain dela urte batzuk Zumaian gertatu zen bezala”.
Etorkizuna aurrez ikusteko baliagarri
Xabier Orue-Etxebarria EHUko Paleontologia katedraduna eta aipatu unibertsitateko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikerkuntza-taldekidea izan zuen lagun udal agintaria, aste hasierako agerraldian. Ikertzaileak gogora ekarri zuen Gorrondatxe hondartzako itsaslabarretan azaleratzen diren arrokak itsaso sakonean metatu zirela, gutxi gora behera duela 48,6 milio urte. Bere ustez, garai horietako munduko ebaki geologikorik onena litzateke Azkorrikoa: Ypresiar eta Lutetiar mugan, Eozenoaren hasieran eratu ziren materialak aztertzeko "ezin egokiagoa". EHUko doktore Aitor Payrosek gaineratu zuenez, "oso garrantzitsua" da estratotipo ezberdinak ikastea, esaterako, baliabide naturalen arloan (hidrokarburoak ...) eta arrisku naturalen arloan (uholdeak, aldaketa klimatikoa ...). “Artxibo geologikoek denboran atzera joatea ahalbidetzen digute, katastrofe natural baten ondoren gertatu diren ezbeharrak ezagutu. Beraz, etorkizunean, antzeko bat gertatuko balitz, ondorioak zeintzuk liratekeen aurretik jakingo genuke”, azaldu zuenez.