Maila handiko korrikalariak izango dira bihar Getxoko Milian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ira. 25a, 20:45
Larunbat honetan, irailak 26, Getxoko Miliaren hirugarren edizioa jokatuko da Algortan, 11:45etik aurrera, Itxartu eta Getxo Atletismo taldeek antolatuta. Lasterketa gizonezko zein emakumezkoen maila guztietan korrituko da, umeekin hasi eta junior, senior eta elite kategorietaraino, eta nazioarteko izaera du. Elite kategoriako karreretan iraupen-erdiko euskal korrikalari onenek Espainia zein beste herrialde batzuetako maila handiko kirolariak izango dituzte aurkari. Horiek guztiak gonbidatuta parte hartzen dute. Ildo horretatik, Dimas Ramos Getxo Atletismoko buruak ziurtatutakoaren arabera, besteak beste, Sergio Sanchez, Manuel Penas, Francisco España, Zulema Fuentes, Paula Gonzalez eta Sonia Saizena izango dira biharko proban. Argazkian, iaz Iris Fuentes Pila kanpabriarrak irabazi zuen emakumezkoetan, Frehiwot Gosho (Etiopia) eta Suzanne Elise Hasler (Britainia Handia) lagun izan zituela.
Herri barruko zirkuitua izango da biharkoa, 353 metroko luzerakoa. Irteera eta helmuga Juan Bautista Zabala eta Telletxe plaza artean egongo dira kokatuak. Birak, berriz, Amesti eta Telletxe kaleen artean eta Cardenas gurutzabidean egin beharko dituzte korrikalariek. Txikienek buelta bat emango dute eta nagusiek lau eta erdi. Antolatzaileen helburuetako bat da “urtez urte hobetzea, bai partaidetzan, bai publikoaren asistentzian zein lasterketan”, Ricardo Ansotegi Itxartu taldeko buruaren arabera.

Izen-ematea doan

Izenematea doakoa da. Nahi duten guztiek info[abildua]itxartu.com posta elektronikoaren bitartez eman ahal izango dute izena, horretarako eguna gaur, ostirala, dela. Horretaz gain, Algortako batzokiko Itxarturen bulegora (Algortako Etorbidea, 104) edo Kantxa Kirol Moda dendara joaterik badago. Hala ere, bihar bertan ere egongo da apuntatzeko aukera irteera-gunean, lasterketa abiatu baino ordu erdi lehenago.

Trafiko aldaketak

Getxoko III. Milia dela eta, Algortako erdigunea trafikorako itxita egongo da bi ordu eta erdiz gutxi gora behera, 11:30etik 13:15era, udal iturriek zehaztu dutenez. Hain zuzen ere, ezin izango da Telletxe kaletik igaro, Amesti kaletik Algortako Etorbiderainoko tartean. Horregatik, autobusei euren ohiko ibilbidea aldatzeko eta beste bide batetik joateko eskatu diete.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun