"50 urteko uzta aldaketa sakonak" emateko baliatu behar dela dio ETAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ira. 26a, 17:37

Sortu zenetik 50 urte bete direla-eta, ezker abertzaleak urte horietako "borrokaren uzta datozen urteetan aldaketa sakonak emateko" baliatu behar duela adierazi du ETAk, Gudari Egunaren harira "Berria" egunkarira igorri duen oharrean. Ezker abertzaleak "Euskal Herriaren askapen prozesuan urrats berriak emateko ardura" duela dio. Euskal Herriak "erabakitzeko eskubidea eta lurralde batasuna" lortzeko aukera "parez pare" daukala uste du, eta "ezker abertzalea aldaketa sakonak gauzatzeko mugimendu politikoa dela jakitun, gupidarik gabeko oldartze errepresiboa" abiatu dutela salatu du. Baina errepresioak ez duela ezker abertzalea amaitzerik lortuko ohartarazi du ETAk, "jendartean sendo erroturiko mugimendua baita". Ekimen berriak iragarri ditu, eta datozen urteetan "askapen borrokan mugarri berriak" jarriko dituela jakinarazi du. Argazkian, urtero bezala, Jon Etxeberria “Beltza” amezketarrari eta Jon Pagazaurtundua “Pagaza” laudiotarrari egin diete gorazarre Itzubaltzeta / Romon. ETAko militante gazteak 1973ko azaroaren 28an hil ziren, Lope de Vega kalean, auto batean lehergailua jartzen ari zirela esku artean eztanda egin zienean / Koska irratia. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

ETAren agiria, hitzez hitz:

GUDARI EGUNA'09
Gudarien borrokaz, irabazi arte!

2009ko Gudari Eguna testuinguru berezian etorri zaigu. Lehenik, Euskadi Ta Askatasuna sortu zela 50 urte bete direlako. Euskal Herriko askapen borrokan mugarri garrantzitsua izan zen ETAren sorrera eta 50 urte geroago, urteurren horrek esangura handia du ezker abertzalearentzat eta baita Euskal Herriarentzat ere. Bestalde, bizi dugun fase politikoaren aurrean, Euskal Herria aukerez eta arriskuz beteriko egoeran kokatzen delako.

Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak 50 urteko ibilbide gogor bezain oparoa egin du. Euskal Herria nazio modura zapaldu eta desagerrarazteko estatuen apustua gogorra izanagatik ere, gaur arte ezker abertzalearen borrokak gure herriaren asimilazioa saihestu du. Garaian garaikoarekin, estatuek Euskal Herria ukatuz, gure lurraldea zatituz, gure identitatea ahulduz edo errepresio gordina ezarriz, Euskal Herriarekin amaitzeko asmoak porrot egin du. Horixe da egin behar dugun lehen baieztapena. 50 urteotan, Espainiako eta Frantziako estatuek, erresistentzia sendo batekin egin dute topo eta ezin izan dituzte euren helburuak lortu. Hona 50 urteotako lehen lorpen garrantzitsua.

Baina ezker abertzalearen borroka harago doa. Ezker abertzaleak Euskal Herriarentzat proiektu politiko argia du: independentzia eta sozialismoa. Eta helburu horixe izan da 50 urteotako borrokaren iparra eta askapen borrokan urrats berriak emateko norabidea. Gaur arteko borrokari esker, Euskal Herrian ate berriak ireki eta mugarri berriak jartzen joan gara. 50 urte geroago, lurraldeak batzeko eta geure buruaren jabe izateko aukerak parez pare zabalik izateak argi bezain garbi erakusten digu egindako borroka bidearen balioa eta garrantzia. Ezker abertzalea, estatuen aurrean gure herria saldu nahi izan dutenen gainetik, Euskal Herrian egoera berriak irekitzen joan da. Eta zalantzarik gabe esan dezakegu borrokaren bidetik independentziara eta sozialismora hurbilduko gaituzten egoera berriak irekiko dituela ezker abertzaleak.

Bide honetan milaka herritarren eta borrokalariren ekarria ezinbestekoa izan da. Eta bereziki, Euskal Herriaren askatasunagatik guztia emateraino iritsi diren militanteen eskuzabaltasuna eta borroka goraipatu nahi ditugu. Ehunka dira, Euskal Herriaren askatasunaren alde bizia eman dutenak eta ehunka dira egun ere herriagatik eta herriarentzat guztia ematen ari direnak. Horiei guztiei esker ditu Euskal Herriak askatasunaren ateak zabalik eta horiei esker ere zeharkatuko dugu askatasunaren atea datozen urteetan. Gora atzoko, gaurko eta biharko gudariak! 2009ko Gudari Egunean bereziki aipatu nahi genituzke urte honetan zendu zaizkigun Kepa Arizmendi Baztan eta Jose Antonio Otxoantesana Okana militanteak. Eta baita, duela jada bost hilabete estatu aparatuek desagerrarazi zuten Jon Anza militantea ere. Haien borroka guretzat eredu da. Haiek pizturiko izar gorriek gidatzen gaituzte askatasunera.

Hain juxtu, hainbeste urtetako borrokak sortu dituen aukeren aurrean, estatuak gure herriarekiko zapalkuntza eta ezarria duten errepresioa gordintzen ari dira. Ongi dakite ezker abertzalea dela, bere indarraren bidez eta bere estrategiaren bidez Euskal Herria Estatu bat izatera eraman dezakeen mugimendu politikoa. Jakin badakitelako, ezker abertzale osoaren borroka izan dela 50 urteotan aurkitu duten oztopo nagusia. Euren amaraun konstituzionala gure herrian agorturik ageri den honetan, sekulako beldurra diote aldaketa demokratiko bati. Sekulako beldurra diote Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea eta lurralde batasuna lortzeko parez pare dugun aukerari. Eta ezker abertzalea aldaketa sakonak gauzatzeko mugimendu politikoa dela jakitun, gupidarik gabeko oldartze errepresiboan murgildurik dira: preso politikoen kontrako espetxe politika gordinduz, ezker abertzalearen legez kanporatzean sakonduz, jazarpen poliziala areagotuz, mobilizazioak debekatuz... Guztiarekin gure herriaren benetako errealitatea estali nahi dute. Aldaketa sakonak gauzatzeko aukeran gaudela ezkutatzeaz gain, aldaketa horiek zapuztu nahi dituzte, horretarako zauritu, bahitu, espetxeratu eta erail behar badute ere. Zentzu horretan, gaurkoan, uztailean zipaioen bortizkeriak eraildako Remi Aiestaran ezker abertzaleko militantea ere gogora ekarri nahi dugu.

Baina iraganean okertu ziren bezala, orain ere oso oker dabiltza. Ezker abertzalea, jendartean sendo erroturiko mugimendua baita. Ezker abertzaleak abertzale eta ezkertiarren nahiak eta ametsak ordezkatzen ditu, independentzia lortzeko motor nagusia da. Estatuek ezker abertzalea errepresioaren erantzun gurpilean ito nahi badute ere, ezker abertzalea Euskal Herriak marko politiko berri bat lor dezan iniziatiba politiko berriak mahai gaineratzeko gai izango da. Aukera itxi nahi digute, bada guk aukera berriak zabalduko dizkiogu Euskal Herriari. Gure borrokari esker etorkizuna Euskal Herriarena izango da.

Baina ezker abertzaleak, bere historian egin duen bezala, Euskal Herriaren askapen prozesuan urrats berriak emateko ardura du. 50 urteotako borrokaren uzta, datozen urteetan aldaketa sakonak emateko baliatu behar du. Independentziari ateak zabalduko dizkion marko politiko berri bat eskuratzeko bidea urratu behar du. Eta horretarako, ezinbestekoa da, borroka bidearekiko sinesmena eta gaitasuna indartzea. Ezker abertzalearen indarrak batu eta estrategia eraginkorraren bitartez datozen urteetan askapen borrokan mugarri berriak jarriko ditugu. Nazio eta herri mailan ezker abertzale sendoa izango da, estatuen gainetik eta herria saltzeko prest diren horien gainetik, independentzia eta sozialismora hurbilduko gaituzten aldaketak gauzatzeko gai izango dena. Marko politiko berri bat eskuratzeko fasean sarturik gaude eta ezker abertzalearen indarrak helburu hori lortzera begira jarriak daude.

Borroka esparru ezberdinetan gauden guztion bateratasunez, indarraz eta borrokaz gure helburuak lortuko ditugu. Bakoitzak dagokion eremuan antolatuz eta borrokatuz. Horixe da bidea. Soilik ongi antolaturiko herriak lortzen baititu bere helburuak.

Gora eusko gudariak!
Gora Euskal Herria askatuta eta sozialista!
Gora Euskadi Ta Askatasuna!

Euskal Herrian, 2009ko irailean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun