Ttakun doinuak nagusituko dira Algortan larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ira. 28a, 20:27

Ohi baino beranduago, baina seigarren urtez hitzordua betez, larunbat honetan, urriaren 3an, Txalaparta Jaia antolatuko du Uribe Kostako Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldeak (UKTEST). Horrenbestez, eta San Nikolas plaza itxita egoteagatik, 11:00etan Zabala eskolan eta Telletxe plazan emango diote hasiera ospakizunari. Bi toki horietan gune ezberdinak zabalduko dituzte. Esate baterako, (umeentzakoa, hasi berrientzakoa eta txalaparta saioen gunea). Izan ere, hurbiltzen den jende guztiari txalaparta hobeto ezagutu eta, aldi berean, musika tresna hori jo ahal izateko aukera ematea da helburu nagusia. "Bestalde, txalapartariak biltzeko aukera ere ematen du jai honek, txalapartaren inguruan jai giroan biltzeko aukera emanik hurbiltzen den orori", UKTESTeko kideek gaineratu dutenez. Egun osoan zehar, txalaparta txikien tailerra, perkusio tailerra norberak ekarritako instrumentuarekin, herri bazkaria, kantaldi herrikoia, txalaparta ikuskizuna, txalaparta zozketa eta, bukatzeko, txalaparta saioez lagundutako kalejira izango da Algortako kaleetatik. Argazkian, UKTESTeko kide bat txalaparta astintzen iaz, Algortako Portu Zaharrean, Mintza Egunaren aurkezpenean / cc-by Mikel-Egizu.

Egitaraua:

11:00etatik aurrera:
- Txalaparta jaiaren hasiera.
- Gune ezberdinen irekiera.
- Txalaparta jotzeko aukera guztiontzat.
- Umeen gunea-
- Hasi berrientzako gunea.
- Txalaparta saioen gunea.
- Txalaparta txikiak egiteko tailerra.
- Txalapartaren inguruko tresnak erosteko gunea.
- UKTEST gunea.
12:30 Perkusio tailerra: Tommy Caggiani. Eraman djembe-a edo musika tresnak.
14:00 Txotx: sagardo dastaketa.
15:00 Herri bazkaria (9 euro). Kantu saio herrikoia.
19:00etatik aurrera:
- Txalaparta ikuskizuna.
- Txalaparta zozketa.
- Jaia bukatzeko kalejira herriko kaleetatik.



Urko eta Karlos UKTEST elkarteko kideek 2008an Areetako Andres Isasi musika eskolan. eskainitako txalapartari buruzko hitzaldi parte-hartzaileaz Egizuk egindako bideoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun