Horretaz gain, erakusketa grafiko batzuk ere egongo dira: Bizkaiko Zubian, “Burdinazko ate handia eta herri baten loraldia: Getxo” izenburukoa; Portu Zaharrean, “Portu Zaharra eta bertakoen ogibideak”; eta Galeako gotorlekuaren ondoan jarriko den turismo informazio gunean, "Getxo, Abraren zaindaria eta begiralea" izenekoa. Lehenengo biak aire zabalean izango dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen ditu aipatu jardunaldiak eta gure lurraldean “Bizkaia, bideetan zehar” gaiari buruz arituko dira. Aitor Soloeta Turismo zinegotziak adierazitakoaren arabera, ekimen honekin lortu nahi dela “kalitatezko esperientzia baten bidez gure ondarea gozatu, ezagutu eta errespetatzea" lortu nahi dute ekimenaren bitartez; "hala nola, ondarea ingurumena kontserbatzearen aldeko estrategiei gehitzea (Agenda 21), ondarea ingurumenaren osagai moduan ulertuta eta etorkizuneko belaunaldietarako zaindu eta kontserbatu behar dela ulertuta”.
Ondare geologikoa
Hala ere, kultur ondarea ez ezik, Geologia arloan bere harribitxiak ere badauzka Getxo udalerrian. Ostiral eta larunbat artean Algortako Igeretxe hotelean izandako Nazioarteko Estratigrafia Batzordearen topaketetan, Getxoko Gorrondatxe hondartzan (Azkorri izenaz ezagunagoa) azaleratzen den arroka multzoa estratotipo izendatzea erabaki zuten. Zera esan nahi du horrek: Lurraren garai geologiko bat aztertu ahal izateko munduko erreferente izendatu dituzte Gorrondatxeko itsaslabarrak. Kasu honetan, Eozenoari dagozkion Ypresiar eta Lutetiar estai geologikoen arteko muga ikertzeko. Horrenbestez, Gorrondatxeko sekzioa adin horretako materialak aztertzen dituzten munduko zientzialari guztientzat bisitatu beharreko leku bilakatu da.