Uraren Euskal Agentziak baieztatutakoaren arabera, asteazken honetan, irailak 30, argitaratuko dituzte Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, Gobela inguruan uholdeak saihesteko lehenengo lanak esleitzeko lehiaketaren oinarriak. Salsidu aldeari dagozkion obrak dira horiek eta 1,5 milioi euro inbertituko dituzte bertan. Larrañazubi-Etxezuriko lanei dagokienez, "esleipen epea murriztea" erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Gauzak horrela, "Kontratuen Legeari helduta", Tragsa izeneko sozietate publikoari agindu dizkiote obrak, 4,6 milioi eurotan. Horrenbestez, aldi berean hasiko dira Gobela bideratzen Salsidun zein Negurin, orotara, 6,1milioi euro inbertituko dituztela. Hala ere, 2010 urteko hasierara arte itxaron beharko dute bizilagunek hondeamakinak erreka inguruan ikusteko. Iñaki Urrizalki Ura agentziaren zuzendariak berak eman zizkien "argibideak" auzokide eta tokiko alderdi politikoei atzoko Uholdeetako Batzorde Berezian. Argazkian, mobilizazioekin jarraituko dute bizilagunek /
© Arantza Gutierrez.