Ekintza horien agerpen unea ez da zorizkoa. Okupazio indarren desmoralizazio une batean dator, Frantziako Barne ministroak esan bezala, euskal erresistentzia armatuaren ordezkapen gaitasuna etsigarria zaie. Horrek euren jatorriaren eta helburuaren berri ematen digu. Espainiako segurtasun indarretatik hurbil dagoen jendea da, eta okela guztia sutan jartzeko unea dela iradoki zaie. Azken ahalegin batekin errendizioa bultza litekeela sinetsi du bateren batek.
Gakoa, euskal independentismoaren hurrengo jokaldian datza. Zoritxarrez, ez dago munduan halako presioaren aurrean ahultasun sintoma moduan interpreta litekeen urratsik egingo duen erakunderik. Eta tentsio horren erdian, Kurdistanen bezala, epe laburrera, mailegatutako botere guneak gure herriaren eskubideak ukatzen dituztenek kudea ez ditzaten, inposatutako arauen barruan mugituko den bloke independentista bat osatzea beste aukerarik ez dago.
Hitza jolas bihurtzeko sasoia da.
Fredi Paya bertsolari algortarrak ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.
[