Haizea Barcenilla: "GetxoPhoto: dekorazio grina Getxon"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ira. 29a, 17:02
[© Haizea Barcenilla - Berria.info] Udazkena dator, eta honekin batera Corte Inglesen kanpaina berria: izaera fotografikoko emakume eder eta plastiko itxurakoen bideoak ikusten ditugu telebistan, edo autobusaren geltokiko manparatik gure gainetik haratago begiratzen dute, infiniturantz, haien jantzi garestiek euri zaparraden tristuraren gainetik ezarriko balituzte legez. Argazki eta bideoen xarmaren aurrean, ikusleak estiloaren beharra sumatzen du, dotoretasuna, kolore eta konbinazio aproposena; eta, iragarkiek erasana sentitu ordez, ingurunearen edertze elementutzat onartzen ditu, ibilbideetako zuhaitzak edo biribilguneetako loreak bezala. Gizarte irudigile eta irudizale honen barnean kokatzen da GetxoPhoto, Getxoko kaleetan zehar zabaltzen den erakusketa. Berritsua dirudi agian, argazkiak, areto formalaren murru zurrunak utzita, kaleetan barreiatzen direlako, bestelako lekuak eta zentzuak bilatuz. Baina udazken grina dago Corte Inglesen, eta Vodafonek kanpaina berria hasi du, eta gaur izena eman behar duzu British Councileko ingelesezko eskoletan: hain ohituak gaude kaleetan argazkiak eta irudiak ikustera, ezen denbora luzez pentsatu behar da GetxoPhotok ekartzen duen berritasuna zelakoa ote den ulertzeko. Eta luze pentsatu arren, ez da erraz aurkitzen.
Aurten, gainera, GetxoPhotok "Asiako Fikzioak" du izenburu. Asia, ez dakienarentzat, munduko kontinenterik handiena da; 47 lurraldez osatua dago, 21 familia etimologikotako hizkuntzak hitz egiten dira hango lurretan, eta munduko bost erlijio handienen sorlekua izan da: kristautasuna, judaismoa, islama, hinduismoa eta budismoa. Horrekin guztiarekin lotutako fikzioak erakusteko milioi bat GetxoPhoto beharko genituzkeela pentsatuko luke batek.

Asia esaten denean, Txina, Japonia, Taiwan eta Hego Korea direla ulertu behar dugu erakusketa honetan, beste lurraldeak ahaztuz; hots, eder, koloretsu eta exotiko kontsideratu ditzakegunak, pobrezia, miseria eta umeen prostituzioan ez pentsatzeagatik gaizki sentitu beharrik gabe. Lurralde "seguruak". Gainazaletik ikusita eta formaren bidez erretinetan geratzen zaizkigun irudiak sortzeko gai diren lurraldeak, edo, hobeto esanda, guri, ezjakinei, inpresio hori ematen digutenak. Sawada Tomokoren argazkiek Tokioko Harajuku auzoko azpikultura baten irudiak eskaintzen dizkigute, baina guretzat bitxiak dira ("zein arraroak diren japoniar hauek, ezta?"), inolako beste esanahirik gabekoak. Zein garrantzi dute subkulturek Japonian? Zergatik bilatzen dituzte gazte japoniarrek horrelako identitateak? Fikzio bat da hau, edo hango gizartean ohikoa den fenomenoa? Erantzuna, agian, beste edizio batzuetan, honetan ez baita aurkitzen.

Bestetik, lan galanta egin dute GetxoPhotoren antolatzaileek: argazkiek izan zezaketen edozein izaera kritiko zapuzteko ahalmena itzela izan da. Esaterako, Yao Luren "Paisaia Berriak" lanak Txinako paisaia tradizionalen grabatua berreskuratu eta Photoshop erabiliz zakar eta hondakin mordo bihurtu ditu beste garai batzuetako mendi zoragarriak. Tenpluak hondakin multzoen gainean zutitzen dira, eta txalupak ezin dira mugitu, lokatz zikinean hondoratuta. Horrekin, argi dago artistak gure gizarteak ingurumenean sortzen dituen kalteak erakutsi nahi izan dituela; eta argazkiak Begoña Puntan kokatuak baleude, Bilboko Superportuari begira, milioiak eta milioiak balio duten etxeen azpian, mezu indartsua emango zuketen. Baina, noski, ez da inor gogaitu nahi, zertarako? Eta, ondorioz, gaiarekin zerikusia ez duen Algortako merkatuaren barnean kokatuak daude.

Beste adibide bat: Hu Yangek aurkezten duen lanak Shanghai hiriko erretratu bat izatea du helburu. Hiriko 500 familia ikertu eta irudikatu ditu artistak, hango aberatsetatik hasita, emigratu, desplazatu, exiliatu eta bestelako pobreetara iritsiz. Argazki bitxiak eta koloretsuak dira askotan, baina interesgarriena ez da haien kalitate bisuala soilik, baizik eta modu zoroan hazi den gizarte baten egituraren testigantza. Argazki hauek Algortan zehar barreiatu dira, elkarrekin erakutsi gabe, honela konparaketa egitea ezinezko bihurturik. Euskal Herriko "per capita" errentarik altuena duen hirian horrelako gaiak ukitzea gustu txarrekoa ote? Gainera, gehienak dendetako erakusleihoetan daude ikusgai, eta propaganda poster txikiak dirudite.

Beraz, dekorazioa nagusi Getxon. Atsegina, zentzugabea eta hutsala den erakusketa, gogaitzeko asmorik gabea, bizitza artearen bidez edertzeko xedearekin. Hots, arteak dakarren ikerketa, azterketa eta kritika guztiz alboratuz, publizitatearen sistema berak dituen edizioa dugu GetxoPhotorena. Portu Zaharreko umore oneko biztanle batek GetxoPhotoko kartelaren letrak moztu eta bere argazki gris eta zabar bati itsatsi dizkio, eta atarian jarri. Areetako zenbait biztanlek aurreko urteko uholdeen argazkiekin eta erakusketaren letra berberekin egin dituzte posterrak manifestazioan ateratzeko. Asia urruti dago eta handia da. Eta Corte Inglesek ematen digu ametsen irudi nahikoa.

Haizea Barcenilla arte kritikaria eta komisarioak larunbatean "Berria" egunkarian argitaratutako arte kritika.

GetxoPhotori buruz Lara Madinabeitia kazetariak BerriaTBrako egindako "Getxophoto 2009: Asiako fikzioak" bideoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun