Krisiaren ondorioz geldirik dauden Ondiz eta Txorierriko hirigintza egitasmoak etxebizitza gehiago eraikiz suspertu nahi ditu
Leioako Udalak. Eusko Jaurlaritzak oniritzia ematen badu, 2010etik aurrera babestutako ehun bat etxebizitza gehiago altxatuko dituzte bertan. Orain arte "ez da egon hirigintza egitasmo horien gastuei aurre egin izan dien enpresarik", joan den astean Eneko Arruebarrena alkateak adierazi zuenez. Dagoeneko "behin-behinean" onartu dituzte aldaketak Hirigintza Antolamendurako Plangintza Orokorrean (HAPO); eta Leioako Antolamendurako Aholkularitza Batzordearen onespena ere badauka egitasmoak. Txorierrin, salmenta libreko 53 etxebizitza aurreikusten ziren. Orain, ordea, 78 eraiki nahi dituzte: erdia babes ofizialekoak eta beste erdia tasatuak. Tokiko iturrien arabera, Eusko Jaurlaritza arduratuko litzateke horren kudeaketaz, lur desjabetzen bitartez; eta dauzkan eskubideei uko egin beharko lioke Leioako Udalak. Gainera, tokiko erakundeak berak ordaindu beharko luke Txorierri eta Lamiako-Txopoeta arteko igogailua. Bitartean, Ondizen, aurreikusitako salmenta libreko 48 etxeak egingo lirateke. BOEak 92tik 106 izatera pasatuko lirateke. Horretaz gain, prezio tasatuko 67 etxebizitza berri jarri nahi dituzte. Ondizko urbanizatze lanak egin eta babestutako etxebizitzak eraikitzeko kooperatiba berria eratuko dute. Argazkian, Eneko Arruebarrena Leioako alkatea, prentsaurrekoa ematen.