Barrikako Elorduy nagusien egoitza-ospitaleak arrisku biologikoen prebentzioaren arloan daukan egoerari buruzko azalpenak eman beharko ditu asteazken honetan, irailak 30, Juan Mari Aburto diputatuak, Gizarte Gaietarako batzordean. Uztailaren 21ean Ana Telleria Ezker Batuko Bizkaiko batzarkideak azaldu bezala (pdf), aipatu hilaren erdialdean kaleratu zuten "irregulartasunak" salatu zituen langilea. ELA sindikatuak azaldu zuenez, bere bost lankide bakteria batekin kutsatu zirela jakinarazi zion Osalan Lan Osasun eta Segurtasuneko Institutuari beharginak. Hala ere, mobilizazioak bertan behera utzi zituen ELAk, Elorduy egoitzako zuzendaritzak langilea berriro hartuko zuela adierazi ostean. EBren arabera, CCOO sindikatuak ere aurtengo otsailetik zeukan salaturik egoera horrelakoa zela. Osalanek apirilaren 27an eman zuen txostenean berretsi zuen hori, eta azaleratu egin zuen "segurtasun eta osasun irregulartasunak" zeudela. Hori guztiori kontuan harturik, Aburto batzordean agertzea eskatu zuen Telleriak, uste dutelako "Aldundiak egindako ikuskaritzen emaitzek egoitzaren egoera zein den argitu dezaketela". Argazkian, Barrikako Elorduy nagusien egoitza.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!