Udalak enpresei eta komertzioei eskainiko dizkien zerbitzuetarako izango da Areetako azoka dagoen tokian altxatuko duten eraikineko alde bat. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak berak jarriko ditu enpresa elkargune berria eraikitzeko sei milioi euroak. Aipatu zerrendako puntua bezala, garabiaren zerbitzua berriro kontratatzeko Baldintzen Plegua atzerapenik gabe idaztea aho batez erabaki zuten. Bestalde, Alderdi Popularrak eskatuta, Algortako Zubilleta aldean etxebizitzen kopurua areagotzearen beharra gaineratuko du Imanol Landa alkateak, aipatu gunean Hiri Antolaketarako Plangintza Orokorra aldatzeko proposamenaren idazketan. Beraz, esan gabe doa EAJren babesa jaso zuela PPren proposamena. PSE-EE, berriz, abstenitu egin zen. Marisa Arrue popularren bozeramailearen iritziz, "dagoeneko hiri-lurrak diren guneetan (Konporte, Iturribarri, Zubilleta, Benantzio...) gehiago eraikitzea da Getxo aldeko 8.000 etxebizitzen mamua usatzeko modu bakarra".
Oka kalea
Bestalde, Villamonte plazako behin-behineko eskaileretan atzemandako eraikitze-hutsuneak zuzentzeari argi berdea eman zioten; baita Algortako Oka kaleko 4. zenbakian dagoen orubea segurtasun, osasun eta apaindura egoera egokian mantentzeari ere, Getxoko PSE-EEk eskatuta. Luis Almansa tokiko sozialisten bozeramaileak azaldutakoaren arabera, bizilagunak behin baino gehiagotan salatu dute Oka kalean daukan orubea "utzita" daukala Udalak: "sastraka eta zikinkeriaz beteta egoten da, auzokideen etxebizitzetan sartzen diren arratoien ugaritzea erraztuz", azaldu zutenez. Hala ere, bizilagunei "lotsagabeki" erantzun zien Josu Loroño Komunikazio zinegotzi jelkideak, abuztuaren 27ko ETB2ko "Pasalo" saioan. Almansak aipatu zuenez, "saio ikusi zuten bizilagunek esan digutenez, arratoiak Oka kaleko udal orubetik ez datozela esan zuen Loroñok, auzokideen etxebizitzen garbitasuna eta higienea zalantzan jarriz".