Sopelako turismo bulegoak eta informazio puntuak 7.033 pertsona hartu dituzte udako hilabeteetan: 1.245 bisita gehiago dira iazko datuekin alderatuta, udal arduradunek azpimarratu dutenez. Zehazki, Larrabasterrako turismo bulegoak 2.566 pertsonen bisita jaso du. Bere aldetik, 4.467 turista gerturatu dira udaletxe ondoan dagoen informazio puntura, beharrezko argibideen bila. Hain zuzen, informazio puntuan era nabarian igo da bisiten zenbatekoa. Horrela, 2.219 turista bertaratu ziren 2008ko udan eta aurtengo epe berean, berriz, 4.467, tokiko iturriek emandako datuen arabera. Emakumezko gehiago hurbildu dira informazio eske, baina ez dago desberdintasun handirik sexuen artean (3.597 emakume eta 3.436 gizon). Jatorriari dagokionez, gehienak udalerri bertakoak ziren (3.019 pertsona), jarraian daude Euskal Herriko bestelako herrietatik etorritakoak (1.867 bisitari), atzerritik gerturatutakoak (1.315 turista) eta Espainiatik etorritakoak (832 pertsona). Argazkian, Sopelako turismo informazio puntuetako bat.