Sopelako osasun etxeak herritarrei eskaintzen dien zerbitzua hobetuko du, egun hasita dauden berritze eta handitze lanak bukatu ostean. Udal iturriek zehaztu dutenez, eraikineko sotoan dagoen tokia handitu egingo da. Bertan egongo dira kontsulta, fisioterapia eta birgaikuntza gimnasia gelak; biltegia; eraikineko azpiegitura teknikorako beharrezkoak diren zenbait gela; eta bertan lan egiten duten pertsonentzako aldagelak. Horiez gain erditze aurreko gimnasiarako gela ere izango du osasun etxeak. "Sopelako emakumezkoek azken urteetan egindako eskakizunari erantzuteko asmoz" irekiko da gela hori, azaldu dutenez. Aurretik udal pilotalekuan dagoen lokala erabiltzen zuten eta egun udal igerilekuetan dagoen gela batean daude. Lanen ostean, haurdun dauden emakume sopeloztarrek erditze aurreko prestakuntzarako gimnasia egiteko modua izango dute horretarako espresuki jarritako gela batean, osasun etxean bertan. Bestalde, eraikineko beheko solairuan pediatria, haurtzaintza, erizaintza eta sendatze gelak; langileentzako zonaldea; administrazioa; artxiboa eta bilera gela egongo dira. Azkenik, harrera gunea berrantolatu egingo da eta igogailua jarriko dute. Argazkian, Larrabasterrako Sugurdialde kalean dago Sopelako osasun etxea.