Aurtengo kartela aukeratu duen epaimahaia diseinu, komunikazioa eta arte plastikoetako ondoko profesional hauek osatu dute: Txelu Angoitia, argazkilaria; Pedro Maria Basañez, arkitektoa eta EHUko irakaslea; Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko lehendakaria; Beatriz Pi, diseinatzailea; eta Imanol Larrinaga, artista plastikoa. "Zure eskura dago" goiburuaren bidez jendeari azokara joateko gonbita luzatu nahi diola azaldu du Merinok kartelaren aurkezpenean. "Kulturan inbertitzea guztion eskura dagoelako, ez pentsa hain garestia denik", gaineratu du.
Irudi indartsua
Diseinua eta irudiari buruz esan du azokaren 44. ediziorako "irudi indartsu bat" nahi zuela. Horrela, "elementu grafikoen ekonomia dago" kartelean (tipografia, marrak eta kolore bakar bat), "krisialdiak jota dagoen gaurko sasoiarekin bat etortzeko eta, gainera, gaur egun ez beharrezko eta ausazko mezuez mukuru dagoen inguru batean hobeto nabarmentzeko". Mezua berak kartelaren irudia osatzen du. Tipografiak bereganatzen du protagonismoa, eta bere antolamenduak liburu eta diskoen azokari buruz egiten du berba. Hizkiak bere gainean jartzen diren marra horizontalak apalak lirateke, eta irudi osoa liburuen apalategia.
Konposizioan azokaren zenbaki ordinala nabarmentzen da, 44, zeina beheko aldean irauli egiten da, nahi den disko edo liburu eskuragarri egingo digun eskailera sortuz. "Asmoa nuen irudi deigarri a egitea. Informazioa modu argian ematen da, distrakziorik gabekoa. Testu beltza hondo zuri baten gainean egoteak urrutitik irakurtzea errazten du, eta tinta bakarraren erabilerak produkzioa merkatu", azaldu du. Azkenik, estetika aldetik, XX. mendearen hasierako Austriako kartel modernistei keinu bat egin dio Mernok, kartel hauetan lerro horizontalak hizkien oinarri bezala erabiltzen baitziren testua banatzeko konposizioan zehar.