Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa larunbat honetan hasiko da, Zestoan. Gainera, Gurutzeaga pilotalekuan 17:30ean abiatuko den saioan, txapela lortzen saiatuko diren hiru algortarretatik gazteenak, Jone Uriak, parte hartuko du. Iñaki Gurrutxaga oriotarra, Miren Artetxe hendaiarra, Uxue Alberdi elgoibartarra, Odei Barroso barakaldoarra eta antzina Itzubaltzetako Bertso Eskolako irakasle izandako Oihana Bartra santutxuarra izango ditu aurrean Algortako neskak. Internet bidez sarrerak eskuratzeko aukera dute bertsozaleek, antolakuntzak www.bertsosarrerak.eu ataria sortu baitu horretarako. Dagoeneko, Zestoako saiorako, 200 sarrera saldu dira. Internet bidezko salmenta ostegun gauerdira arte izango da aktibatuta. Gero, saioaren egunean Gurutzeaga pilotalekuko txarteldegian bakarrik egongo dira salgai txartelak. Zestoan 750 bertsozale batzeko asmoa dauka Bertsozale Elkarteak. Internet bidez sarrera eskuratu dutenek, garrantzitsua da jakitea etxean inprimatuta eraman behar dutela sarrera. Argazkian, Jone Uria.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!