Bertoko langabetuen kontratazioa sustatzeko, enpresak diruz laguntzeko 300.000 euro jarriko ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urr. 1a, 09:24
Getxoko Udalak 300.000 euro emango ditu, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzetan, bertoko enpresek eta saltokiek udalerriko langabetuak kontrata ditzaten. Orotara, ehun lagun baino gehiago laneratzea aurreikusten dute tokiko arduradunek. Imanol Landa alkatearen arabera, “helburu nagusia Getxon dagoen langabezi tasa -gaur egun %10,1ekoa- murriztea da; baita bertoko merkataritza eta enpresa jarduera sustatzea ere”. Sei hilabete edo gehiagoko kontratuentzat, 4.000 euroko subentzioa emango dute. Hiru hilabeteko edo gehiagoko kontratuentzat, berriz, 1.500 euro lanaldi osoko lanpostu berri bakoitzerako. Kopuru horiek % 10 igoko dira (4.440 euroraino edo 1.650 euroraino), baldin eta emakumezkoak edo 45 urtetik gorako pertsonak badira kontratatutakoak. Lanaldi partzialetarako diru-laguntzen zenbatekoa, berriz, proportzionalki murriztuko dute. Subentziorik ezingo dute eskuratu ohiko lanaldiaren %50 baino gutxiagoko lanaldia duten kontratazioek. Argazkian, Aitor Soloeta Sustapen Ekonomikorako zinegotziarekin batera aurkeztu zituen diru-laguntzak Landa alkateak, joan den ostiralean.
Laguntzak Getxon udalerrian dauden enpresa eta saltoki orok jaso ahal izango dituzte. Kanpokoak badira, Getxon dagoen lantoki baterako pertsonaren bat hartu nahi duenak ere jaso ahal izango du. Subentzioak 2010eko apirilaren 15ra bitartean egindako kontratuei aplikatuko zaie. Kontratatu beharreko pertsonak Getxon erroldatuta eta langabezian egon behar dute. Gainera, pertsona horietako bat kontratatzean, enpresaren langile-kopurua handituko dela esan nahiko du deialdi hau argitaratu aurreko egunean zegoen langile-kopuruarekin alderatuz.

Noiz, non eta nola

Eskaerak aurkezteko epea Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean zabalduko dute, eta horiek aurkezteko azken eguna 2009ko azaroaren 20a izango da; "behin enpresak konpromisoa hartuta, langileak kontratatzeko epea 2010eko apirilaren 15era arte luzatuko den arren", Aitor Soloeta Sustapen Ekonomikorako zinegotziak zehaztutakoaren arabera. Eskaerak Getxolanen (San Martin kalea, 17. Algorta) erregistroan aurkeztu beharko dira, dagokien dokumentazioarekin batera. Aurkeztutako hurrenkeraren arabera banatuko dituzte diru-laguntzak, baldin eta eskaera behar bezala beteta eta espedientea osatuta badago. Behin aipatu 300.000 euroak bukatuta ez dute diru gehiago banatuko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun