EAJren aldeko eta PPren eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zuen Getxoko Udalbatzak, orain bi asteazken egindako osoko bilkuran, Algortako Larrañazubi aldeko udal zabortegia zegoen lekuan jarritako
Ingurumen Aretoaren "eskaintza egun dagoen eskaerara egokitzea". Horren bitartez, urteko aurrekontuan kostuen %33,71a aurreztuko dute, 96.550 euro guztira. Diru hori getxoztarrek dituzten beste behar batzuei erantzuna ematera bideratuko dute, udal iturriek zehaztu dutenez. Aldaketen artean, besteak beste, asteburuan zerbitzua murriztuko dute eta abuztuan aretoa itxita egongo da. "Egokitzapenek", ordea, begiraleen kopurua 3tik 2ra jaistea ekarriko dute; baita garbiketa zerbitzua berrantolatzea ere. Hala ere, proposatutako aldaketek ez dute eraginik izango orain arte Ingurumen Aretoa heziketako elementu bezala erabiltzen ari diren udalerriko ikastetxeengan, "kalitate berbera mantenduko baitu", tokiko arduradunen arabera. Argazkian, udal batzarra egin baino egun bat lehenago eman zuen aldaketen berri Keltse Eiguren Ingurumen zinegotziak.