Martxan da aurten ere Uribe Kostako Berbalagun egitasmoa eta bertan parte hartu nahi duenak zabalik du matrikulatzeko epea. Hirugarren urtez, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatean biltzen diren zazpi herrietan, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta ez dutenak elkartu nahi dituzte euskara praktikatzeko, hobetzeko edota plazara ateratzeko helburuarekin. Ekimenean, lau pertsona inguruko taldeak elkartuko dira, euskaldun zaharrak eta berriak batuz. Astean ordu betez geratzea adostuko da hasieran, taldekideek beraiek, aukeratuko dutelarik non eta noiz gelditu, zer egin… Horrez gain, hilero, berbalagunak bilduko dituzten ekintzak ere antolatuko dira: irteerak, afariak… modu honetan, euskararen harreman sareak gehiago zabalduz. Izena emateko, 605 773 541 (Ekaitz) telefono zenbakira deitu edo posta elektronikoz (berbalagunuribekosta[abildua]hotmail.com) egin dezakete parte hartu nahi dutenek. Argazkian, urtean behin Mintza Eguna ospatzen dute Euskal Herri osoko berbalagunek / cc-by Egizu.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!