Lanpostu kopurua gehitzeko egungo prozesuari ekin aurretik, administrazio eta zerbitzuetako langileen (AZL) eta irakasle eta ikertzaileen (II) arteko ratioa 0,38koa zen (0,38 AZL irakasle eta ikertzaileko). "Ratio hori Espainiako unibertsitateetan aurki zitekeen 0,51ko bataz bestekoa baino askoz ere txikiagoa zen eta, zalantzarik gabe, oso urrun zegoen munduko unibertsitate onenek eskaintzen zituzten ratioetatik (horietan, multzo batera eta bestera atxikitakoen arteko ratioak parean daude)", azaldu du EHUk. Horren haritik, administrazio eta zerbitzuetarako plaza gehiago sortzeak "garbi" erakusten du, tokiko agintarien ustez, "Euskal Herriko Unibertsitateak bere barne antolaketa eta administrazio eta zerbitzuetako profesionalek kudeaketa lanak egiteko eta irakasleei eta ikertzaileei laguntzeko dituzten eginkizunak hobetzearen aldeko apustua egin duela".
Lanbide prestakuntza handiko plazak
111 lanpostu berri horiek sortzeari esker, bai zerbitzu orokorrak, bai unibertsitatea osatzen duten ikastegi ezberdinak kudeatzeko ezinbestekoak diren premiei erantzun ahal izango zaie, EHUko arduradunen hitzetan. Horrela, sortutako plaza guztietatik, 76 funtzionarioenak izango dira eta 35 lan kontratua duten langileenak. Beste ikuspegi batetik, plaza horietatik 43k unibertsitateko ikastegietan eskainiko dituzte zerbitzuak (fakultate eta eskoletan) eta 68k erakundearen zerbitzu orokorretan. 111 plaza berrien %60k nahitaezko eta derrigortasun muga-eguna ezarritako hizkuntz eskakizunen bat dute; gainerako % 40ak, berriz, ez du derrigortasun datarik. "Horrekin, beste urrats bat egin da EHUko Euskararen Plan Gidarian ezarritako helburua lortzeko; alegia, administrazio eta zerbitzuetarako plazen %52k eskakizuna izatea", aipatu dutenez.
Plaza berri horietako askotan beharrezkoa ere bada prestakuntza handia izatea. Hala, beraz, funtzionarioen taldeari begiratuta soilik, horientzako plazen %75 baino gehiago goi mailako eskalei (A eta B) dagozkie. Eta, bi taldeak aintzat hartuta, bai funtzionarioena, bai lan kontratua dutenena, plazen erdia baino gehiago eskala horietan dago. "Izan ere, gogorarazi behar da, EHUk estatu espainoleko unibertsitate guztietako AZL/II ratiorik txikienetakoa izateaz gain, AZL multzoan bertan, prestakuntza txikiagoko eskaletan metatzen zirela lanpostu gehienak eta horrek unibertsitate kudeaketan goi mailako profesionalik ia ez izatea eragiten zuela. Hori dela eta, orain hartu den neurriak, hein batean, kudeaketako defizit hori arintzen du eta kalitatezko eta prestakuntza handiko enplegua sortzen du", azaldu dute bertoko agintariek.
Iñaki Goirizelaia errektorearen hitzetan, "beti nabarmendu dugu beharrezkoa dela irakaskuntzan eta ikerketan bikaintasuna lortzea. Baina bikaintasun printzipio hori unibertsitate kudeaketara ere zabaldu behar da. Multzo hori oso garrantzitsua da Euskal Herriko Unibertsitateak bere helburuak bete ahal izateko. Eta, horren haritik, oso lan baliotsua egiten du". "Unibertsitatearentzat benetako apustu estrategikoa da. Plaza horiek sortuta, kalitatezko eta prestakuntza handiko enplegua sortzen ari gara, eta hori, beti garrantzitsua izan arren, larriuneetan ezinbesteko bihurtzen da. Unibertsitate kudeaketan eta irakaskuntzarako eta ikerketarako laguntzan ere bikaintasuna bilatuko dugu. Eta, horretarako, irizpide objektiboak eta eskakizun profesionalaren irizpideak erabiliko ditugu", gaineratu duenez.