Garrantzi aldetik, iazko Berangoko Milia Estatu mailako hirugarren lasterketa izendatu zuen Espainiako Atletismo Federazioak. Aurten, berriz, Barakaldoko Hiri Milia data zehaztu barik atzeratu eta Getxoko Milia jokatu eta aste betera egingo dute. Kartela ere ez da nolanahikoa: eliteko 30 lasterkari inguru lehiatuko dira. Lehen aipatu atletekin batera, gizonezkoen artean, Valladolideko Alvaro Rodriguez eta Malagako Alvaro Fernandez izango dira helmugan. Berlingo Munduko Txapelketan parte hartutako korrikalari bat konfirmatzeke badago ere, ziurtatuta dago iraupen erdiko hiru euskal lasterkari onenen presentzia: Ivan Fernandez arabarra eta, Iker Sanchez eta Iñigo de la Granja bizkaitarrak, hurrenez hurren.
Bitartean, emakumezkoetan, Jacqueline Martin katalana, Isabel Macias aragoiarra, Paula Gonzalez kantabriarra, Teresa Urbina extremadurarra eta, Maitane Melero eta Leire Medina euskal herritarrak ere izango dira, beste batzuen artean. Baita Espainiako bi txapeldun eta bost txapeldunorde ere. Horiekin batera, 800 metrotan espezializatutako Khadija Rahmouni marokoar -Espainiako nazionalitatea ere badauka- gazteak, Suzanne Hasler galestarrak eta Aparecida Mendes portugaldarrak Berangon izango direla konfirmatu dute.
Krisialdia gaindituz
Orain egun batzuk egindako aurkezpenean, krisialdi ekonomikoak estutasunak eragin dizkiela aipatu zuten Berango Atletismo Taldeko kideek. Hala ere, aurtengo probaren "xarma" eta "kalitatea" nabarmendu zituen Anabel Landa alkate berangoztarrak eta, horregatik, Berangoko Milia aurkezteagatik "harro" zegoela aipatu zuen. Lasterketa berangoztarraren garaipen-zerrendari dagokionez, Rui Silva portugaldarrak sei aldiz izan da txapeldun Berangon, azkena 2007an. Horren herrikide Carla Sacramento eta Zulema Fuentes-Pila espainiarrak lautan irabazi dute.