Itzubaltzeta / Romoko
Ibar Nagusien Etxeak hirugarren urtez antolatu du adineko gizonei euren buruak zaintzen irakasteko tailerra, Getxoko Udalaren
Berdintasun Zerbitzuarekin elkarlanean. Astelehen honetan, urriak 5, zabalduko dute izena emateko epea. Udal iturriek zehaztu dutenez, ondokoak dira doako ikastaroaren helburuak: etxeko erantzukizunetan esku hartzeko beharraz sentsibilizatzea, beren autonomia ahalbideratzen duten heziketa eta gaitasunak eskaintzea, norbera zaintzeko jarrerak sustatzea eta, azkenik, estereotipoak gainditzea. Horretarako, etxea eta arropa garbitzen, jantziak lisatzen eta sukaldean aritzen erakutsiko diete parte hartzaileei. Ekimena 55 urtetik gorako gizonei zuzenduta dago, eurek zuzenean izena emanda edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek bidalitakoak. Tailerraren iraupena 20 ordukoa izango da, bi orduko 10 saiotan banatuta, 2009ko urritik 2010eko urtarrilera bitartean. Ordutegia, 10:00etatik 12:00etara izango da. Lehenengo saioa hilaren 27an izango da. Hortaz, 16ra arte dago izena emateko aukera. Inskripzioak Ibar Nagusien Etxean (944 660 150) egin beharko dira. Argazkian, hainbat gizon Itzubaltzetako nagusien etxean.