Gurea ez da hobea. Sakabanatuta gaude, bakoitza berearekin arduratuta, Bologna dela-eta guztiok kezkaturik.
Kezkatuta, baina ez horrenbeste behin eta berriro errepikatzen den irakasteko kultura berria izango den hori dela-eta, baizik eta Bolognak gure lan arduraldietan izango duen eraginagatik. Lizentziaturak gradu bihurtuta, irakasteko ikasgaien kopurua gutxituko da. Bestalde, egia da, dena ondo egiten bada, taldeak txikiago izango direnez, talde gehiago egongo da, gu irakasleok horiez arduratzeko. Baina egia da, halaber, ECTS sistemak kreditutan betetzen dugun gure arduraldian eragingo duela (%25a edo). Zergatik? Bada, ikasleak bere ardurapean egin beharreko lana eta beste kontu batzuk direla-eta irakaskuntzan ikasleokin denbora gutxiago emango dugulako. Hots, gure arduraldian kreditu gutxiago beteko dugu, nahiz eta lana berbera izan, eskoletan egingo ez dugun lana ziur tutoretzetan eta bestelakoetan bete beharko dugulako, baina hori konputatu gabe (guk badaukagu ECTS kredituekin izandako esperientziaren bat, eta ondorioetako bat hori zen).
Urteotan irakatsitako gaiak desagertu egingo dira graduetatik: egun dauden esperientziez, nolabaiteko ikerketa lerroez eta askotan azpiegitura baliabideez ari naiz. Horiek lekua gradu ondokoetan izango dutela esaten zaigu, eta hala izango dela uste dut. Nire kezka betikoa da, gradu ondokoen kostua, ikaslearentzat kreditua prezio publikoan irtengo zaion ala ez. Hori alde batetik, eta, bestetik, gradu ondokoak eta masterrak baimenduko dituzten. Gure Arte Ederretako Fakultatean horretan izan dugun esperientzia, momentuz, oso ezkorra izan da.
Azalduko dut. Gurean, lehenengo 3. zikloa zena -Doktorego ikastaroa-, Ikerkuntza eta Sorkuntza Artean master bilakatzen ahalegindu ginen. Den-dena baldintza berrietara egokitu, egitarauak, konpetentziak eta lanak prestatu... Gutako batzuk sexeniodunok gara, hau da ikertzeko gaitasuna eta nolabaiteko kalitatearen bermea ebaluazioaren bidez lortu genuen, baina ANECA izeneko agentziarentzat ez omen gara behar beste onak ganorazko masterrak osatzeko. Antza, helburuak eta konpetentziak nahasten ditugu eta, besteak beste, gure ikasleekin ez dugu tesi asko lortzen.
Ondorioz, lana egiteko prest geunden eta ezingo dugu bete. Horrekin batera, gure arduraldian horretarako gorde genituen kreditu, ordu eta baliabideak hutsean geratuko dira. Baina masterrean izena emateko prest zeuden ikasleentzat ere ederra da ikuspegia: masterra egin nahi izango badute, kanpora joan beharko dute. Horri euskararen kontua gehitu: hemen euskaraz egiteko zerbait bazegoen, baina atzerrian ezer ez.
Honek ateak itxiko omen dizkie aurrerantzean gurekin tesia egin nahi izango dutenei, gutako askok gustura egiten ari garen lana. Tesi gai batzuk dagoeneko badauzkagu, gurean ezarri den egoera berrian, lana justifikatzeko eta merituak lortzeko bidea bultzatzen duelako. Eta, horregatik, zure gidaritzapean tesiarekin ikasleak edukitzea gaur egun halako berme eta etorkizunerako ondare bihurtu zaigu.
Ezagutza bultzatzea bai, baina zeharka halako jarrera zikoitz eta berekoia eragiten dela eman dezake. Eta hori, nire uste apalean, ez da ez ona ez duina.
Eta gure etxean hala gaude...
Txus Melendez EHUko Arte Ederretako fakultateko irakaslea "Berria" egunkarian argitaratutako iritzi artikulua.