Urriaren 12an gerra zikina salatzeko deia egin dute biktimen senideek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urr. 3a, 21:39

Hilaren 12an, astelehena, Hispanitatearen Eguna, Indar Armatuen Eguna, Aberri Eguna... ospatu beharrekoak direla dio dagoeneko Espainiako Defentsa Ministerioak telebistan paratutako iragarkiak. Data horretaz oso bestelako pertzepzioa izaten ohi da Euskal Herrian baina aurtengoan, Jon Anzaren desagerpena eta balizko erailketa dela medio, militante donostiarraren eta GALen biktimen senideek ospakizunen aurkako mezu garbia bota dute. "Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko. Egun honek errepresioa, Guardia Zibila, tortura eta gerra zikina sinbolizatzen du Euskal Herrian. Honen aurrean konponbide demokratikoa da guk aldarrikatzen duguna. Eta argi dugu bide errepresiboa eta soluzio demokratikoak ez direla osagarriak, kontrajarriak baizik", esan dute gaur Hernanin emandako prentsaurrekoan. Bide batez, data horretan gerra zikina salatzeko mobiliza dadin eskatu diote herriari: "horma bat jarri behar dugu herri honetara sufrimendua eta gerra baino ez dakarren bidearen erdian, eta herritarren mobilizazioaren eta presioaren bidez soilik lortuko dugu hori egitea".

Ekitaldiko oharra:

Gerra zikina eta errepresioa jasan duten herritarrek mobilizaziorako deia egin dute

Jon Anzaren senideek eta azken urteotan gerra zikinak hil dituen herritarren senideek parte hartu dute gaurko agerraldian. Klase politikoari isiltasun hausteko eskatu diote.

Hizlariak:

Haritz Elorza Joxean Lasaren iloba.

Mikel Zabala, Joxi Zabalaren lehengusua.

Egunon guztioi eta mila esker agerraldi honetara hurbildu izanagatik,

Azken urte edo hilabeteotan errepresioaren eragina modu ezberdinean jasa dugun herritarrak bildu gara hemen.

Euskal Herrian konpondu gabeko gatazka politiko baten zurrunbiloan jarraitzen dugu oraindik orain, izan ere, herri honen eskubideak aitortu eta benetako konponbide justu eta demokratiko baten alde egin ordez, bestelakoa izan da bi estatuek hartu duten bidea. Errepresioaren bideari lotu zitzaizkion bere garaian frantziar eta espainiar estatuak, eta 2009. urtean, oraindik orain bide horri loturik jarraitzen dutela agerikoa da.

Hamaika aurpegi ditu errepresioak, eta guztiak erabili dituzte Euskal Herrian disidentzia politikoarekin amaitzeko asmo bakarra izan duten unean uneko barne ministro eta presidenteek. Martin Villatik hasi eta Rubalcabaraino errepresio politikoa izan da estatuak Euskal Herriari egin dion eskaintza politiko bakarra.

Abendutik hona izan diren lau bahiketa politikoek eta Jon Anzaren desagerpenak garamatzate hau esatera. Errepresio estrategia jauzi berriak ematen ari da, eta ez da kasualitatea Euskal Herrian zortzi hilabeteren buruan Alain Berastegi, Lander Fernandez, Dani Saralegi eta Juan Mari Mujika bahituak izatea eta Jon Anzak desagerturik jarraitzea. Honek guztiak ondo marrazturiko jarduera bati erantzuten dio. Errepresio estrategiaren baitan militante politikoak bahitzeari ekin diote, militantzia politikoa zigortu, disidentzia politikoan beldurra zabaldu eta informazio politikoa lortzeko helburuarekin. Gerra zikina iragana baino oraina da Euskal Herrian.

Jonek desagerturik daramatzan bost hilabete hauetan erakunde publikoak eta klase politikoa isilik mantendu dira. Azken egunetan informazio berriak plazaratu dira eta honek pentsatzera garamatza Euskal Herriko klase politikoan inork baduela informazio gehiago desagerketa honen inguruan. Erakunde eta alderdi politikoei desagerketa honen aurrean jarrera argi bat hartzeko eskaera egin nahi diogu. Hemen jada ez du balio isilik egoteak, gai honen inguruan adierazpenik ez egiteak. Inork informazioa badu, Jon non dagoen eta zer gertatu den argitzeko balia dezala eskatzen dugu. Pertsona baten desagerpenaz ari gara, guda zikina indarrean dela adierazten duten gertaeren testuinguru batean. Arduraz jokatzea da eskatzen dioguna Euskal Herriko klase politikoari, instituzioei, kazetariei. Isiltasun honekin amai dezaten eta eskura dituzten baliabideak erabil ditzaten eskatzen diegu: Jon aurkitzeko, zer gertatu den argitzeko, ardurak mahai gainean jartzeko eta batez ere, guda zikina behin betirako Euskal Herritik desagertzeko.

Errepresio estrategiaren porrotak errepresio bide are basatiagoak martxan jartzera eraman ditu, herri honetan eremu baten aurka denak balio duen etenik gabeko jazarpen egoera bat sortu dutelarik. Errepresioak intentsitatez gora egin du azken garaietan, eta horren adibide dira bahiketa politikoez gain preso politikoen argazkien aurkako sorgin ehiza edo Ertzaintzaren bortizkeria bera. Honekin batera, errepresio giro honetan jarduera faxisten ugaritzea ematen ari dela ikus dezakegu, besteak beste gure senideen memoria erasotzeari ekin diotelarik. Europan inon ez bezalako polizia kopurua dugu Euskal Herrian, kolore guztietako uniformez apaindurik. Poliziak demokrazia eta bakea bermatzeko daudela saldu izan digute, baina hori horrela balitz hemen inon baino demokrazia gehiagorekin inon baino baketsuago biziko giñateke. Baina hemen dauden milaka polizien lana ez da hori justuki. Hemen poliziak torturatu egiten du, herritarrak jipoitu eta atxilotzen ditu, kontrolez betetzen ditu errepideak eta disidentzia politikoak jarraituak eta jazarriak dira bere eskutik. Benetako estatu autoritario batek benetako salbuespen egoera ezarri du Euskal Herrian.

Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko. Egun honek errepresioa, Guardia Zibila, tortura eta gerra zikina sinbolizatzen du Euskal Herrian. Honen aurrean konponbide demokratikoa da guk aldarrikatzen duguna. Eta argi dugu bide errepresiboa eta soluzio demokratikoak ez direla osagarriak, kontrajarriak baizik. Guk Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konpontzea nahi dugu, herri honetan justizia eta demokrazia ezartzea bilatzen dugu, errepresioaren benetako memoria egitea. Etorkizun demokratiko baterako bidean beharrezkoa ikusten dugu halabeharrez mugarik ez duen errepresio eta jazarpen ero honi bidea ixtea. Horma bat jarri behar dugu herri honetara sufrimendua eta gerra baino ez dakarren bidearen erdian, eta herritarren mobilizazioaren eta presioaren bidez soilik lortuko dugu hori egitea. Gaur arte, gerra zikinaren aurrean beharrezkoa izan da mobilizazioa, herritarren babesa eta aktibazioa. Gerra zikin berrituaren aurrean ere mobilizatzen jarraitzeko deia egiten dugu.

Zentzu honetan, egun horretan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan burutu diren manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Bereziki, gaurko honetan Jon Anzaren senideei gure babes eta maitasun osoa eskainiz amaitu nahi genuke agerraldia.

Mila esker guztioi.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun