Jone Uriak irabazi egin du Zestoako final-laurdena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urr. 3a, 22:54

Jone Uria nagusitu da gaur Zestoan 750 bat bertsozalek betetako frontoian jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko final-laurdenean. Algortarrak 661,5 puntu eskuratu ditu, Uxue Alberdiri 1,5 puntu baino ez diola atera. Saioan hirugarren gelditu da Iñaki Gurrutxaga, 642,5 puntuekin eta bere atzean Oihana Bartra (612), Miren Artetxe (583,5) eta Odei Barroso (574,5) amaitu dira. Oholtza gainean aipatu sei bertsolariak izan badira ere, Manuel Olaizola “Uztapide” zenaren bertsoek ireki dute bai saioa eta bai txapelketa bera ere. Izan ere, Uztapide plazako frontoian hastea deliberatu zuen Bertsozale elkarteak bertsolari handiaren 100. urteurrenean. Gainera, hiru bider jantzi zuen txapela Uztapidek. 1962,1965 eta 1967 urteetan izan zen hori. Gaurko saioan ideia onak eta urduritasuna izan dira nagusi, Uria, Alberdi edo Bartra, esate baterako, ohi baino ahulago aritu direla. Dena den, Uriak Iñaki Gurrutxagarekin eta Oihana Bartrarekin egindako ofizioak entzutekoak dira. Agurrak izan ezik, bideo guztiak ikusgai jarri ditu Jexux Mari Irazuk bertsoa.com-en. Joneren azken agurra (mp3), berriz, hemen entzun daiteke. Bestalde, Jonek zuzeneko txartela eskuratu du Hendaiako finalaurrerako. Arazoaren 15ean bertan abestu beharko du, Amets Arzallus, Jon Maia eta 3., 7. eta 11. sailkatzen diren bertsolariekin. Argazkian, Jone Uria artxiboko irudi batean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun