
Etzi, asteazkenarekin, Leioa eta Erandioko campuseko
Arte Ederren fakultateko hamar ikasle eta ikasle ohien lanak biltzen dituen "Errotik" diziplina anitzetako erakusketa inauguratuko dute campuseko liburutegi nagusiko erakusketa aretoan. Ekitaldia eguerdiko 1etan izango da, eta bertan Carmelo Garitaonandia campuseko errektoreordea eta Agustin Ramos Arte Ederren fakultateko dekanoa izango dira. Ikasleen sorkuntzez gain, "artearekin eta bizitzarekin konprometituta dauden bost musika talderen eta antzerki talde baten lanak ere" biltzen ditu irailaren 21ean zabaldu zen erakusketak, unibertsitateko iturriek zabaldu dutenez. Hortaz, "Errotik"-en laugarren edizioa "arte-eremu anitzen bilgunea izango da: musika, antzerkia, performance-ak, pintura, grafismoa, eskultura eta teknologia. Erakusketa bat, bi kontzertu eta antzezlan bat burutuko dira artearen erro eta jatorri gisa ulertutako erradikalismoaren ideia ardatz izanik", antolatzaileen esanetan. Erakusketa urriaren 23ra arte egongo da zabalik, goizeko 11etatik arratsaldeko 3ak arte. Argazkian, Arte Ederren Fakultatea barrutik.