Udaltzainek modu txarrean amaitu zuten atzo Gobela ondoan bizi duten auzotarrek Ollarretxe errotondan egiten ari ziren protesta baketsua. Igandero bezala, auzotarrak eguerdiko 12etatik 12:15era bitarteko kontzentrazioa egiten ari ziren, eta amaitzear zegoelarik, udaltzainen patruila batzuk heldu eta modu txarrean amaitzeko eskatu zieten, auzotar batzuei bultzaka eta oihuka. Auzotarrek kontzentrazioa egiteko Jaurlaritzaren baimena izateaz gain, aurreko igandeetan arazorik egon ez dela eta, harridura handiz jasan zuten udaltzainen portaera; bereziki, kontuan hartuta manifestarien artean umeak -batzuk oso txikiak- eta agureak zirela. Urduritasun eta beldur uneak ere bizi izan ziren bakean egiten ari zen protesta horretan. Arduradunak udal agintariekin harremanetan jartzen saiatu ziren arren, ez zen erantzunik egon. Argazkian, larunbatean ere mobilizatu ziren auzokideak Gorrondatxek antolatutako Gobelaren uholdeen ibilaldia egiten lehenengo eta Algortan manifestatzen ondoren, besteak beste PPko Marisa Arrue eta Jesus Toca-Toña zinegotziak eta ezker abertzaleko Christian Reinicke hautetsia lagun izan zituztela.
Argazki gehiago hemen ikus daiteke.