Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez jakinarazi duenez, Aitor Jugo astelehenean irten zen espetxetik, joan zen astean Auzitegi Gorenak Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako 33/01 auziko sententziako helegitea aztertu ondoren. Espainiako Auzitegi Nazionalak 10 urteko espetxe zigorra ezarri zion Aitor Jugori. Epaian, ordea, esaldi bakarra ageri zen: “Aitor Jugo Amnistiaren Aldeko Batzordeen nazio arduraduna izan zen”. Helegitearen bistan fiskalak ere onartu zuen zigorrak, kasu horretan, ez zuela oinarririk sententzian. Hala ere, 10 urteko zigorra mantentzea eskatu zuen. Bestalde, Aitor Jugo kalera ateratzeak Auzitegi Gorenak epaia berehala emango duela ere esan nahi du. Gogoratu behar da, besteren artean, Berangoko Jagoba Terronesek
8 urteko espetxe zigorra zintzilik duela epai horretan. Argazkian, Terrones eskuman iaz Berangon 33/01 auziaren aurka egindako manifestazio baten ostean. Bere ezkerrean, absoluzioa jaso zuen Mitxel Sarasketa getxoztarra ageri da.