Bihar, ostegunean, Getxoko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak hasiera emango dio 2009-2010eko ikasturteari ikasle guztiei zuzendutako aurkezpen-ekitaldi batekin. Ekimena 19:00etan hasiko da Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Bertan, Norma Vazquez eskolako irakasleak hainbat hausnarketa plazaratuko ditu emakumeen jabekuntzako gai batzuei buruz. Ondoren, Eva Saez de Ugarte aurreko edizioko emaitzei buruz mintzatuko da. Aurtengo ikasturtean eskolak 16 tailer, erakusketa bat eta emakume etorkinekin topagune bat eskainiko ditu. Getxoko Udalaren iturriek baieztatu dutenez, ekimen horietatik tailer bat baino ez da izango euskaraz. Emakumeentzako Jabekuntza Eskolaren jarduera guztien helburua emakumeen partaidetza politikoa eta soziala sustatzea izango da. Argazkian, Keltse Eiguren Berdintasun zinegotzia.