Getxoko Udalak jakinarazi duenez, bihartik, ostegunetik, aurrera, Gobela ibaian egiten ari diren ez ohiko garbiketa lanek Zubileta inguruez gain Gobelako beste eremu guztiak hartuko dituzte. Horretarako beste behargin talde bat jarriko dute lanean, hasteko Neguri Langile aldean. Lan taldeak ibilguan sastrakak eta ezpondak eta baita zaborrak ere kentzeko lanak indartuko ditu. "Edozein kasutan ere", udal iturrien arabera, "lan horiek duela egun batzuk inguru horretan martxan jarritakoen jarraipena izango dira". Lan horiekin, eta Itzubaltzeta / Romon ere iragarri dituztenekin batera, Gobela ibaiertzeak bi asteko epean garbi egongo dira. Garbiketa lan horiekin batera, ibaia arratoiez garbitzeko tratamendua eramaten ari da aurrera. Gaur, asteazken arratsaldean, lan horretan espezializatuta dagoen taldeak Elkano kaleko 21 zenbakiaren parean arratoiak hiltzen dihardu eta bertan bukatutakoan ibaitik gora segituko du. Aurreko egunotan, Etxezuriko, Plentzia Hiriko eta Itzubaltzeta / Romoko aldeetako ibaiertzetan ibili dira arratoiak hiltzen. Argazkian, atzo hasi ziren lehenengo garbiketa lanak Zubileta inguruan.