“Udalak diru-sarrera gutxiago izango duela aurreikusten den arren, 2010an zergak bere horretan uztea erabaki dugu, bizi dugun krisialdian herritarrei elkartasuna adierazteko asmoz. 2007az geroztik ez da zergetan igoerarik egon eta zenbaitetan, zarama tasa kasuak kasu, %30 jaitsi da auzotarrentzat eta %35 merkatarientzat. Zaila da aurkitzea 3 urtetan presio fiskala gutxitu duen udalerria“, aipatu du Soloetak. Andradek berriro esan du “Bilbo Handiko udalerrietatik, Getxo dela, Lezamaren atzetik, zarama tasarik handiena ordaintzen duena“. Ogasun zinegotzi jelkideak erantzun dionez, “ Getxo ez da, inolaz ere, zergarik garestienak dituen Euskadiko udalerria, PPk herritarrei, gezurrak eta manipulazioa erabiliz, sinestarazi nahi dien bezala”. Horren harira, Soloetak esan du “Bizkaiko 34 udalerrik Getxok baino zarama tasa garestiagoa dutela; 25 udalerrik, estolderia tasa karuagoa; 23k, urarena; 21ek, Ekonomia Jardueren gaineko Zerga; 26k, Higiezinen gaineko Zerga; eta 34k, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko“. Udal arduradunarentzat PPren proposamenak "zalantzak" eragiten ditu “aplikatu ezin litezkeen hobariak eskatzen dituztelako, Udalean existitzen ez diren programak aipatzen baitituzte“. Azkenik, Soloetak adierazi du “PPk merkataritza, udalerriko enpresak... aipatuz" justifikatzen duela zerga murrizketa, eta zentzu honetan, Udalak 300.000 euro bideratu dituela langabetuak kontratatzen dituzten enpresetara, eta "Martiturriko enpresa eremuaren alde" egiten ari dela lan. Hala ere, azken hori "Getxorako 8.000 etxebizitzetako LZPren alde egitea" dela aurpegiratu dio Andradek.
PSE-EE eta Alternatiba EAJrekin bat
Luis Almansa PSE-EEren bozeramaileak PPren proposamenen aurka eman duen kontrako boza arrazoitu du esanez, 2010ko tasak bere horretan uzteak "familien ekonomia suspertzea" duela jomuga. “Inflazioari erreparatuz gero, tasak bere horretan uzteak benetan ekarri duena da 3 urtetan presio fiskala %4 gutxitu dela“, gaineratu du. Bestalde, Alternatibak iritziz, “getxoztarren patrikak hobetzea baino, krisi sasoietan egokiagoa da Udalaren diru-sarrerak bermatzea, zerbitzuak bermatu ahal izateko". "Gure profila ez da sasoi latzetan zergak eta tasak murriztearena, eta egitekotan, era mailakatuan egingo genuke, gehiago dutenek gehiago ordain dezaten. Arrazoi horregatik, esaterako, ez gatoz bat familia ugariei tasak murriztearekin, horren behar handiagoa duten pentsionistak egon daitezkeelako”, adierazi du talde horretako bozeramaile Manu Basantak.