Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Vicrila enpresaren proiektu berria babestuko du, Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Vicrilako zuzendariak dira proiektu horren buruak. Lamiakoko lantokiko gaur egungo egoera "zaila" da, baina badirudi egoera hori laster konponduko dela egungo zuzendarien eta orain arteko jabea izan den Arc International talde frantsesaren nagusien arteko akordioari esker, Lakuako exekutibotik adierazi dutenez. Aipatu iturrien arabera, Eusko Jaurlaritzak "arreta handiz" jarraitu du prozesua azken hileotan, eta "begi onez" ikusi dute MBO Management Buy Out operazioa, hots, zuzendariek enpresa erostea, eta Vicrila enpresako zuzendaritza-taldeak aurkeztutako proiektua. Adierazitako proiektua Arc Internacional taldearekin lortutako aurreakordioan oinarrituta omen dago. Aldeekin izandako elkarrizketetan MBO prozesua "kalitatezkoa izateko borondatea dagoela" jakinarazi da, hau da, "etorkizunean jarduera handiena gauzatuko dela eta langileen gehiengoari eutsiko zaiola bermatu denez", Eusko Jaurlaritzak enpresako arduradunei jakinarazi die "operazioa babesteko asmoa" duela. Horretarako "hainbat tresna eta konponbide" erabiliko ditu, hala nola, "kapitalaren inguruko babesa" emango du eta egingo diren esku-hartzeetan lagunduko du, "Vicrilak beste urte askotan jarrai dezan bere jarduera gauzatzen". Argazkian, joan den ostegunean manifestazioa egin eta Eneko Arruebarrena Leioako alkatearekin bildu ziren Vicrilako langileen ordezkariak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!