Plentziako ezker abertzalearen oharra:
Bi urte baino gehiago igaro dira azken udal hauteskundeak ospatu zirenetik, eta bertan lortutako emaitzen arabera, zinegotzi bat dagokigu. Ezker Abertzalearena den zinegotzi horren kargua, lapurtua izan zen Domingo Iglesias Videchea PPko zinegotziaren eskutik, beti gainontzeko alderdi politikoen oniritzia izan zuela gogoratuz.
Oztopoak eta zailtasunak alde batera utzita, eta Udal Gobernutik at geratu arren, gure auzokideen alde irmotasunez lan egiten jarraitu dugu. Horrela, gure ekintza politikoa ez da eten: Udaletxean 30 idazki baino gehiago aurkeztu ditugu, non erreferentzia egin diegun herrian egunerokotasunean agertzen diren arazo eta zalantzei; udal komisio desberdinetan parte hartu dugu (Komisio Informatiboetan, Jai Batzordean, Plataforma Pro Ría de Plentzian, etab.); Langabetuen Asanblada eratzen parte hartu dugu; beste erakunde batzuekin elkarlanean ari gara…
Hala eta guztiz ere eta Udal Gobernuan parte hartzeko nahia behin eta berriro agertu arren, modu lotsagabean ate guztiak nola itxi zaizkigun ikusten dugu: gure taldearen eskutik aurkeztutako ideia eta proposamen guztiek ez dute erantzunik izan, ez gaituzte informatzen udal batzarren, Jai Batzordearen edo eta komisio informatiboen daten eta nondik norakoen inguruan. Beste batzuetan gure partaidetza debekatu da: Administrazioko Euskararen Erabileraren Normalizazio Plana bermatzen duen komisioan; Hondartza, Portua eta Itsasadarra komisioan…
Pairatzen dugun apartheid politikoa egunetik egunera nabarmenagoa da. Horregatik, kalera ateratzea erabaki dugu, egoera hau salatzeko asmoz, baita auzokideei gure eguneroko lana azaltzeko ere. Zailtasun eta oztopo guztien gainetik herriaren alde lanean jarraituko dugu.
Ezker abertzaleak egindako bideoa: