Halaber, lapurretaren ustezko egileak dendaren kanpo aldean atxilotu zituzten udaltzainek, Ertzaintzak lagunduta. Bilbon bizi diren bi lagun dira. Gainera, Zinegotziak jakinarazi duenez, Udaltzaingoak Ertzaintzaren laguntzarekin pasa den asteburuan atxilotutako gaizkileek, beren “modus operandi” dela eta, aurreko astean gertaturiko lapurreta eta lapurreta saiakerekin zerikusia dute. Hartara, ikerketa egokia egin eta gero, lapurreta horiek egozteko ahaleginduko da Ertzaintza, erakunde honek hartu baitu auziaren ardura, ertzain-etxean aurkeztu baitituzte salaketak.
Indarrean dagoen legegintzaldiaren hasieran Getxoko Udaltzaingoak Merkataritzaren Unitatea sortu zuen, "denden segurtasunarekin lotutako gai guztiez arduratzeko" abiatutako jarduera bereziarekin batera. Unitate horretako kideek merkatariei informazio eta aholkuak ematen dizkiete delituzko ekintza baten aurrean zelan jokatu behar duten jakin dezaten, bai ekintza hori gertatu aurretik bai gertatutakoan ere. Udaltzaingoaren beraren Ikerketa Unitatearekin eta Ertzaintzarekin koordinatzen da Merkataritzaren Unitatea, dendetan ustez lapurtu dutenak atxilotu eta epailearen aurrera eramateko orduan.
Udal iturrien arabera, delinkuentzia mota hori, lapurretak horren barruan daudela, Ertzaintzaren zein Udaltzaingoaren eskuduntza da, eta "bi erakundeek era koordinatuan eta elkarlanean dihardute".