Aurreko egunetan euria egin eta gauean ere atertu gabe aritu zen arren, 935 lagunek parte hartu zuten atzo, urriak 12, Algortako XXVII. Ibilaldi Neurtuan. "Ez da iazko errekorra gainditu",
Itxartu Taldeko kideek adierazi zutenez. Hala ere, pozik agertu ziren antolatzaileek, "horrelako eguraldia egon eta asteburu luzea izanik, horrenbeste jende inguratu delako". Lehendabiziko proban 173 umek eta 152 laguntzailek (batez ere umeen gurasoek) parte hartu zuten eta ibilaldi nagusian 610 gizon-emakumek. "Goizean zehar euria izan dugu, batez ere eguerdi partean, baina hala ere jendea oso animoso ibili da norbera bere zereginetan", azaldu zuten Itxartukoek. Ume guztiei garaikurra eman zitzaien, denentzako berdina. Izan ere, Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak duten araudiaren arabera, halaxe jokatu behar da. Baina den-denak izan zuten sari banaketan oholtzara igo eta han garaikurra jasotzeko aukera. Nagusien artean, berriz, Gorka eta Gotzon izan ziren irabazleak. Biak Algortan bizi dira eta biak Biotz Alai abesbatzako kideak dira. Bigarren bikotea Iñaki eta Mari Carmenek osatutakoa izan zen, Mungiako Andui Mendi taldeko kideak biak. Eta hirugarrenak, Pedro eta Jose Ramon, Itxartuko kideak. Besteak beste, Imanol Landa Getxoko alkateak, Gotzon Muneta Algortako EAJko presidenteak eta Jose Antonio Romero Itxartu Mendigoizale Taldeko presidenteak banatu zituzten sariak. Argazkian, irabazleetako bat garaikurra altxatzen.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.