Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez ohartarazi duenez, dagoeneko urte bat baino gehiago egin du bakartuta, Frantziako Chateauroux espetxean, Manex Zubiaga preso politiko algortarra; 2008ko urriaren hasieratik, alegia. Lexuri Gallastegi berangoztarra bezala, joan den urteko
urriaren 8an atera zuten Soto del Realgo (Madril, Espainia) espetxetik Zubiaga; eta hurrengo egunean Frantziara eraman zituzten biak, Espainiako Poliziaren hegazkin batean.
Epaiketa egiteko eraman zituzten Madrilera, 2007ko irailean. "Manexek erregimen itxia du, ordu beteko patioa goizez (goizeko 8etatik 9ak arte) edo kiroldegia. Eta arratsaldez beste ordu eta erdi patioa", azaldu du errepresioaren kontrako erakundeak. Bertan euskal preso politiko bi gehiago dira, baina beste galeria batean dauzkate, zehaztu dutenez. Chateauroux Getxotik 746 kilometrotara dago. Argazkian, presoen aldeko manifestazioa Algortan.