Espainiako Poliziak Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta ezker abertzaleko militanteak atxilotu ditu, arratsaldean, LAB sindikatuak Donostiako Igara auzoan duen egoitzan. Aurretik, Hernanin Mañel Serra atxilotu dute, lantokira zihoala.
Berria.info-k jakinarazi duenez, "Batasuneko Mahai Nazional berriaren kontrako operazioa" Baltasar Garzon epaileak agindu du. Une honetan, LABen egoitza eta inguruak itxita ditu Poliziak eta albiste-agentzien arabera, dagoeneko atxilotuen etxeak miatzen jardungo lukete. Polizia iturriak edaten duten agentziek zabaldutakoarekin jarraituz, Otegik eta hainbat lagunek Bateragune izeneko erakundea osatu eta Igarako LABen egoitza batzarrak egiteko erabili ei dute azken hilabeteotan. Batasuneko zuzendaritza berria izatea leporatzen diete atxilotuei. Alderdi horren aurkako aurreko sarekadarik handiena Seguran egin zuten 2007ko udazkenean. Argazkian, Arnaldo Otegi artxiboko irudi batean.