Garzon epaileak "Batasuneko zuzendaritza berria osatzea" leporatzen die atzo atxilotutako ezker abertzaleko kideei, albiste agentzien arabera. 2007ko udazkenean Seguran atzemandako lagunei ere gauza bera egotzi zien. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak, berriz, gaur eman ditu argibideak: horrelakoak "behin eta berriro" gertatuko direla adierazi du Rubalcabak, "ezker abertzaleak politika eta indarkeria artean aukeratu ezean", Europa Pressek zabaldu duenez. Bitartean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak atzoko polizia operazioaren atzean "operazio politiko argi bat" dagoela adierazi du. Bestalde, poliziek gogor oldartu zitzaizkien Amaia Esnalen etxera hurbildu ziren lagun eta senideei. Miaketa egiten ari zirela, kolpeka hasi zitzaizkien Esnalengana gerturatzen saiatu zirenei eta, gutxienez, bi lagun zauritu zituzten, AAMren arabera.
Azken operazioaren aurrean Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:
Atzo espainiar poliziak burutu zuen operazio poliziaren aurrean Euskal Herriko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak honako gogoeta egiten du:
Ezer baino lehen besarkadarik sentikorrena eskaini nahi diegu une hauetan poliziaren eskuetan aurkitzen diren militante independentista guztiei.
Operazio polizial handi honen atzean operazio politiko argi bat dago. Euskal Herria benetako prozesu demokratiko bati lotzeko ahalegina izan da atzoko sarekadarekin zigortu dutena. Herri honetara konponbide demokratiko bat ekartzeko lanari eskuburdinekin erantzun dio espainiar estatuan.
Euskal Herrian demokrazia ekiditeko daude poliziak, salbuespeneko epaitegiak eta hauen lana zuritzen duten ahots bakarreko komunikabide handiak. Horregatik, demokraziara bidean edozein urrats egin nahi duen orok polizia izango du aurrean.
Polizialki eta errepresiboki ausarta den gobernua ahula da politikoki. Estatu espainiarraren ahultasun politikoaren neurria erakusten digu atzoko operatiboak.
Une hauetan, hitzak alde batera utzi eta herri honetako sektore batek pairatzen duen errepresio mugagabearen aurrean jarrera argia eta konpromiso zehatzak eskatu beharrean gaude Euskal Herriko alderdi politiko, eragile eta sindikatuei.
Amnistiaren Aldeko Mugimendutik gaur arratsaldean herri guztietan mobilizazioak burutzeko deia egiten dugu.