EHUk %0,5eko defizitarekin itxiko du 2008a

Berak horrela eskatuta, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin du agerraldia (euskara eta espainola nahastuta) gaur, asteazkena, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak. Aurreratu duenez, hurrengo Gobernu Kontseiluan aurkeztuko dute 2008ko ekitaldiko urteko kontuen likidaziorako txosten ekonomikoa. "Oraingoz esan dezakedana da, aurreikuspenen arabera, likidazioa behin betiko aurrekontuaren %0,5 inguruko defizitarekin amaituko dela, hasierako aurrekontua 436 milioi eurokoa izanik. Hori nahikoa estua da, gastuek gora egin baitute: batetik, irakasleen ordainsari-osagarri atzeratuak ordaindu direlako eta, bestetik, aurreko ekitaldietako Balio Erantsiaren Zerga itzultzeagatiko sarrerak handitu egin direlako", azaldu du Goirizelaiak. 2010eko Aurrekontuen Aurreproiektua prestatzeko lanak jada hasi direla iragarri du EHUko errektoreak. Aurrekontuen aurreproiektua azaroko Gobernu Kontseiluan aurkeztu ahal izatea espero dute. Ildo horretan, Europako Unibertsitate Eremura egokitzea (Bologna prozesua) "musu truk ez" dela izango adierazi du unibertsitateko buruak. Goirizelaiaren hitzetan, "ikasgeletan eta laborategietan inbertitu egin behar da, azkenekoz birmoldatu zirenetik 20 urte baino gehiago igaro direlako kasu askotan. Horrek ere esan nahi du irakasleei erabili beharreko metodologia berrien inguruko prestakuntza eman behar zaiela". Argazkian, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun