AHTren aurkako nazio manifestaziora joateko autobusa jarri dute eskualdean

Larunbat honetan, hilak 17, AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, Baionako Lauga aretotik nazio manifestazioa egingo dute Abiadura Handiko Trenaren proiektua eta lanak salatzeko. Hitzordua arratsaldeko 17:00etan jarri dute eta bertara joateko Uribe Kosta eskualdeko Leioa, Itzubaltzeta / Romo, Algorta eta Sopela herrietatik zein Erandiotik autobusa antolatu dute. Izena emateko herri horietako ohiko lekuetan egin daiteke. Eskualdeko autobusa eguerdiko 14.00ak aldera aterako da. Nazio manifestazioa une berezian egingo dute, izan ere Ipar Euskal Herrian eztabaida biziak sortu ditu abiadura handiak eta proiektuak zuzenean kaltetuko lituzkeen Lapurdiko udalerrietako hiru mankomunitateek bat egin dute protestekin. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, azken asteotan ekologistek zuhaitzetatik zintzilik egin dituzte protestak Itsasondon, Ordizian, Bilbon, Gernikan eta Galdakaon. Nafarroa Garaian, enpresaburuek AHT merkantzia-trafikorako baliagarria izatea ukatu dute. Argazkian, Gernikako Arbolan egindako ekimena / © Goierriko AHT Gelditu! Elkarlana.

Gernikako Arbolan egindako ekimenaren bideoa:



AHT Gelditu!-ren oharra:

AHT Gelditu! Elkarlanak larunbat honetan Baionan egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdia egin du.

AHT Gelditu! Elkarlanak datorren larunbatean, urriak 17, Iparraldean Abiadura Handiko linea berria eraikitzeko proiektua bertan behera utz dezaten exijitzeko Baionan egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdia egin nahi du. Manifestazioa 17:00etan irtengo da Lauga aretotik (errugbi-estadiotik gertu) eta Iparraldean AHTren proiektuan zuzenean kaltetuko lituzkeen Lapurdiko udalerrietako hiru mankomunitateek deitu dute. Halaber, AHTren ingurumen kalteek eta kostu ekonomikoek justifikaziorik ez dutela eta onartezinak direla oinarri hartuta, azken hilabeteotan, herritarrak informatzeko eta mobilizatzeko lan handia burutzen aritu den Elkarteen Kolektiboak (CADE) ere manifestazioa babestu du.

Manifestazioak oihartzun handia izango duelakoan gaude, besteak beste, Senperen 400 pertsona eta Lehuntzen 500 bildu dituzten informazio-bilkuren ostean burutuko baita. Bilkura horiek argi utzi dute, Iparralden, hautetsi "ezagunek" eta komunikabide handiek Abiadura Handiko linea berriaren alde baldintzarik gabeko hautua egin badute ere, herritarren aldetik aurkakotasun zabala dagoela. Beraz, AHT Gelditu! Elkarlanak datorren larunbatean Baionako manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten du, gure indarrak Lapurdin AHTren linea berria eraikitzearen aurkako mugimenduarekin bateratzeko eta “Euskal Herrian Abiadura Handiko Trenbiderik ez!” lemapean, garapenkerian oinarritutako proiektua bertan behera utz dezaten exijitzeko.

Lapurdin, TGVren linea berriaren aurkako borroka eztabaida zabala ari da bultzatzen, ingurunea babestea, lurralde antolaketa, abiadura handia, demokrazia eta garraioaren beharrezko gutxitzea bezalako kontzeptuen inguruan. Kaltetutako udalerrietako herritarrak kontzeptu horien inguruko gogoetetan murgiltzen hasi dira, ezatseginak diren galderak egiten eta eztabaida publikoaren aldeko joera areagotu dute. Eztabaida horietan parte hartu duten elkarteek, TGV linea berria eraikitzeak kilometroko 9 hektarea suntsitzea dakarrela eta horrek ingurumenean kalte itzulezinak eragingo dituela adierazteaz gain, paisaian eragin ditzakeen kalteetatik haratago, tokiko ekonomia osatzen duten zenbait sektore osok TGVren ondorio kaltegarriak pairatuko lituzketela iragarri dute. Hain zuzen ere, elkarteek adierazi dutenez, planifikatzaileen ametsa Europa mailako megalopoliak eraikitzea da, horietara enplegua eta biztanleak erakarriko dituzten hiri erraldoiak. Horrek guztiak, noski, erdi bidean geratzen diren eremuen suntsipena besterik ez dakar, TGVa lurraldekontzentrazioaren azkartze-tresna bikaina baita. TGVak ez du gizarte-harremanik sortzen, poloen artean eskala handira suntsitu besterik ez baititu egiten: hala, merkantzia tradizionaleko trenbide-jarduerak baztertu eta deslokalizatzen dira, Hendaia eta Tarnosekoak bezala, tokiko jarduerari lekurik uzten ez dion trenbide-korridore handi bat sortzeko. Hori guztia hain ospetsu egin den "herrian bizi eta lan egin" lemaren aurka doa erabat.

Halaber, aditu suitzarrek burututako ikerketa independenteak ere aipagarriak izan dira auzi honetan guztian, proiektuaren sustatzaile den eta Gobernu frantsesaren menpe dagoen RFF erakundeak (ADIF espainiarraren baliokidea), linea berria eraikitzeko beharra
justifikatzeko asmoz, trenbideko merkantzia-trafikoaren aurreikuspenak faltsutu eta gainestimatu dituela frogatu baitute. Hau da, Frantziako Gobernuak linea berriaren proiektua trenbide bidezko merkantzia-garraioaren aurreikuspenak puztuz zuritu nahi duela baieztatu dute suitzar adituek. Halaber, AHTren aurka diharduten Iparraldeko erakundeek gogorarazi dute, lehen TGVak martxan jarri zirenetik eta milaka kilometro-linea berri egin ostean, trenbide bidezko merkantzia-garraioa Frantzian maldan behera joan dela.

Horregatik guztiagatik, planifikatzaileen obsesio bihurtu den "urrunago, azkarrago" lemaren aurrean, AHTren aurkako erakundeek jada badagoen trenbide-sarea optimizatzea proposatzen dute eragin ekologiko eta sozial izugarria izango lukeen azpiegitura berria eraikitzeko beharrik gabe. Halaber, garraioaren murriztea ekarriko duten gizarte-neurriak hartzearen alde azaldu dira, besteak beste, ekonomiaren birlokalizazioa eta gertuko nekazaritzaren sustapena bultzatuz.

Adierazitako guztiagatik, AHT Gelditu! Elkarlanak bai Espainiako zein Frantziako Estatuak, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuarekin batera, lurraldean eta nekazaritzan ez ezik, eragin ekonomiko, sozial eta ekonomiko itzel eta kaltegarriak izango lituzkeen proiektua herritarroi nola edo ahala ezartzeko erabakia hartu izana salatzen du. Beraz, datorren larunbatean Baionan egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdia zabaldu nahi dugu, Bidasoaren bi aldetan, AHTren proiektuaren aurka gauden mugimenduen arteko harremanak estutzearen aldeko apustu garbia eginez.

AHT Gelditu! Elkarlana
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun