"Bilbo Hiria" Pop Rock Lehiaketaren 21. edizioko kontzertuak ostegun honetan hasiko dira Bilborock aretoan, 20:00etan, Idealipsticks, The Killministers eta Norman taldeen saioekin, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Hala ere, azarora arte itxaron beharko dugu Uribe Kosta eskualdeko ordezkariak agertokira igotzeko. Besteak beste, hilaren 19an, Getxo, Plentzia eta Bilboko lagunek osatutako
Maderacore indie-rock-post taldeak emango du kontzertua Bilborocken. Chin Yi granadarrak eta Skejby madrildarrak izango ditu aurkari laukoteak. Azaroaren 26an, berriz, Muzak (Bartzelona, Herrialde Katalanak) eta Paper Juice (Portugal) izango ditu aurrean
Those Radios Getxo eta Berangoko hirukoteak. Pop Rock atala alde batera utzita, Metal sailean azaroaren 27an emango du kontzertua
Rise to Fall taldeak. Sopela eta Bilboko boskoteak Forced Evolution belgikarrak izango ditu aurrean. Aipatu saio guztiak 20:00etan izango dira, Bilborock aretoan, sarrera dohainik. Argazkian, Rise to Fall taldea kontzertua ematen.